MUNDUA

Putinek "terroristen konplize" izatea egotzi dio Turkiari

Turkiaren arabera, hainbat ohar egin ondoren jo du hegazkinaren kontra, baina Errusiak ukatu egin du Turkiako aire eremua urratu izana. NATOk bat egin du Ankararen bertsioarekin. Pilotuetako bat hil egin da (bideoa: Hurriyet).

2015eko azaroaren 24a
07:18
Entzun

Traizioa" egitea egotzi dio Turkiari Vladimir Putin Errusiako presidenteak; zehazki, "terroristen konplize" izatea egotzi dio Turkiari honek haien gerra hegazkin bat bota duelako. Jordaniako errege Abdala II.arekin bildu ostean egin ditu adierazpen horiek Errusiako presidenteak. Bere esanetan, airean zegoela egin diote eraso hegazkin errusiarrari, Siriako eremuan. "Turkiako mugatik lau kilometrora jausi da".

Oso gogor hitz egin du Turkiaren kontra Valdimir Putinek, eta gaurkoak bi herrialdeen artean ondorio larriak izango dituela egin du oharra. Besteak beste, Moskuri dei egin aurretik Turkiak NATOra jo izana kritikatu du —Turkiako lehen ministro Ahmet Davutogluk Atzerri Ministerioari eskatu dio NATO eta NBEra eraman dezala Errusiako hegazkinaren gaia—: "NATO Estatu Islamikoaren zerbitzura jarri nahi al du?", esan du Putinek. Eta nabarmendu du egiaztatu dutela Siriatik petrolio ugari iristen dela Turkiara.

Siriak, bestalde, bere subiranotasuna urratzea egotzi dio Turkiari.

Hurriyet egunkariak jakinarazi duenez, Siriako lurraldean erori da hegazkina, Hatay probintzian, Turkiako mugatik gertu. Hainbat aldiz ohartarazi eta kasurik ez egin ondoren jo du Turkiako aireko armadak hegazkina, kazeta horren arabera. Tokiko iturrien arabera, botatako hegazkinaren bi pilotuek paraxutean salto egitea lortu dute. Horietako bat hil egin da.

Su-24 modeloa da botatako hegazkina, eta Errusiako Defentsa Ministerioak baieztatu du herrialde horretakoa zela hegazkina. Siriako Gobernuaren hegazkinez gain, Ameriketako Estatu Batuak buru dituzten koaliziokoak eta Errusiakoak ari dira Siriako gatazkan parte hartzen.

Errusiak irailaren azken egunean ekin zion Sirian lehenbiziko bonbardaketak ekiteari, Siriako Gobernuaren laguntza eskaera ofiziala eta Errusiako Senatuak hori onartzeko Kremlini eman beharreko baimena jaso ostean. Siriako armadaren aurka borrokan ari diren taldeen kontra dihardu Errusiak.

NATO, Ankararekin bat

NATOk premiazko bilera egin du arratsaldean eta Jens Stoltenberg idazkari nagusiak lasaitasuna eskatu die bai Errusiari bai Turkiari. Ankarak emaniko bertsioa baieztatzen dutela esan du, eta kezka agertu du Errusiak ez duelako lehen aldia Turkiako muga igarotzen duena.

Gaineratu duenez, Errusia Estatu Islamikoaren kontrako borrokan indar gehiagoz aritu beharko luke. Sirian eginiko azken erasoak EI ez dagoen tokietan egin dituztela nabarmendu du.

Barack Obama AEBetako presidenteak ez du ikusten akordioa posiblerik Errusiarekin honek Sirian daukan estrategia goitik behera aldatu ezean. "Siriako presidente Asad indartzea da haren estrategia, eta bere lehentasuna hango oposizio moderatuari eraso egitea den bitartean, Errusiak ez du gure babesa izango". Azpimarratu du Errusiak Iran eta Siriarekin bakarrik osatu duela koalizioa, eta AEBek berriz beste 65 herrialderekin egin duela EIren kontrako koalizioa.

François Hollande Frantziako presidentearekin bildu da gaur Obama, Washingtonen. Terrorismoaren kontra, bi herrialdeen arteko elkarlana adostu dute bi agintariek.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.