Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak
Â
Luze jo du, eta, aldi berean, azkar bukatu da: Udaberri Arabiarrak Sirian ereindako haziak hamahiru urte geroago eman du fruitua; halere, herrialdea oraindik ez da loratu. Baxar al-Assaden (2000-2024) aurkako lehendabiziko protestak 2011ko otsailean hasi ziren; hark armada atera zuen protestariak zanpatzera. Horren ondoren, ondorio suntsigarriak izan dituen gerra luze bat hasi zen, eta noiz-eta mundua han zer gertatzen ari zen ahaztear zegoela bukatu zen, iragan abenduan, hamar egun iraun zuen ofentsiba baten bidez. Al-Assaden gainbeherak biziberritu egin zuen iraultzak behinola piztutako itxaropena, baina Politika Zientzietan doktore eta Crisis Group think tank-eko analista Nanar Hawachen arabera, itzaltzen ari da berriro: «Abenduan erraza zirudien, baina, orain, egoera bestelakoa da: mesfidantza handia dago gobernuarekin».
Hamalau urte egin behar da atzera Al-Assaden kontrako mobilizazioei erreparatzeko. Siria hego-mendebaldeko Daraa hirian hasi ziren, eta, handik, hiri nagusietara hedatu. Herritarrek bi helburu nagusi zituzten: presidenteak boterea uztea eta Baath alderdiaren agintaldia bukatzea; Al-Assadek 2000. urtean hartu zuen kargua, Hafez aitarengandik jasota (1971-2000), eta Baath alderdiak 1963tik izan zuen boterearen monopolioa.

Manifestariek Tiraniarik gabeko Siria bat lelopean egin zuten gobernuaren aurka; agintariek, ordea, bortizki isilarazi zituzten mobilizazioak. Ez dago argi zenbat pertsona hil zituzten, baina, oposizioko eta nazioarteko erakundeen arabera, 2011ko apirilerako ehundik gora manifestari hil zituzten; are, 2013an NBE Nazio Batuen Erakundeak eta HRW Human Rights Watch agentziek egiaztatu zuten gobernuak arma kimikoak erabili zituela zibilen aurka.
Protesten ondoren hasi zen gerrak, berriz, are ondorio suntsigarriagoak izan zituen: NBEren arabera, gutxienez 613.000 pertsona hil zituzten hamahiru urtean, eta 2,1 milioi zauritu. Bestalde, ia zazpi milioi siriarrek egin zuten ihes handik gerrak iraun zuen urteetan; horietatik gehienek, bost milioi pasatxok, alboko herrialdeetan hartu zuten babes.
«Abenduan erraza zirudien, baina, orain, egoera bestelakoa da: mesfidantza handia dago gobernuarekin»
NANAR HAWACH Zientzia Politikoetan doktorea
Mendebaldetik iritsi zen Siriara Udaberri Arabiarraren olatua, baina, hein batean, kanpoko potentzien eta askotariko talde armatuen esku hartzeak korapilatu zuen iraultza. «Aintzat hartu behar da Siriak zer kokapen duen eskualdean», azpimarratu du Hawachek. Kontuan hartu behar da, halaber, herrialdean askotariko talde ideologikoak, politikoak, erlijiosoak eta etnikoak daudela, eta elkarrekin bizi beharra dutela, nolabait. Hawachen hitzetan, Al-Assadek asmatu zuen ezaugarri hori bere alde erabiltzen: «Erregimenak ez zituen soilik manifestariak erreprimitu; erregimenak herrialdea zatitu zuen, eta komunitateek elkar gorrotatzea lortu».
Kanpotik heldutako laguntza ere funtsezkoa izan zen: «Iranek eta Errusiak laguntzarik eman izan ez baliote, erregimenak kolapsatu egingo zukeen 2015ean». Matxinadak eta gerrak iraun duen artean, Mosku izan da Damaskoren aliaturik sendoena, harik eta iazko azaro amaieran HTS Sortaldea Askatzeko Erakundea muturreko koalizio islamistak gobernuaren aurkako ofentsiba hasi zuen arte, noiz-eta Errusia Ukrainako gerran murgilduta zegoenean.
Mosaiko baten zatiak
Siria egonkor bat eraikitzeko lehenengo pausoa zein litzatekeen galdetuta, tarte labur batez isilik geratu da Hawach, pentsakor. Hizketan hasi da gero: «Siria gobernatzea lan nekeza da, herrialde konplexua baita, baina funtsezkoa da herrialde osoa ordezkatzea eta ez zati batzuk soilik». Mapa ofizialetan ikusten ez diren marrek bereizten dituzte Siria barneko lurraldeak, eta, Al-Assadek botereari eustea lortu zuen arren 2011ko matxinaden ondoren, ordurako galduta zeukan herrialdearen parte handi baten kontrola. Orain, Siriako behin-behineko gobernuak arrisku bera du.
Ahmed al-Xaraa behin-behineko lehen ministroaren —HTSko buru ohia da— gobernu taldeak kontrolatzen du Siriako eremurik handiena; ipar-ekialdea, baina, SDF Siriako Indar Demokratikoak koalizio kurduaren esku dago; iparraldeko eremu batzuk Turkiak babestutako miliziek eta talde armatuek kontrolatzen dituzte; Israelgo Gobernuak okupatuta dauzka hego-mendebaldeko Golango gainak; eta, azkenik, EI Estatu Islamikoaren zelula batzuk daude herrialdeko hainbat lurraldetan. Horrez gain, askotariko komunitateak eta etniak bizi dira inguru berean, hala nola beduinoen tribuak eta drusoak.
«Siria gobernatzea lan nekeza da, herrialde konplexua baita, baina funtsezkoa da herrialde osoa ordezkatzea eta ez zati batzuk soilik»
NANAR HAWACH Zientzia Politikoetan doktorea
HTSk abenduan Al-Assaden gainbehera bultzatu ondoren, komunitate horiek guztiak batu egin ziren tarte batez. «Ezinezkoa zirudien hori egia bihurtu zen», azaldu du Hawachek. Orduan, guztia zegoen egiteko, eta dena zen posible: «Hutsetik sortu zitekeen etorkizun bat geneukan aurrean». Koalizio islamistak zibilen aurka egin gabe kendu zuen kargutik Al-Assad, eta Al-Xaraak hitzeman zuen fakzio, etnia eta komunitate guztiek izango zutela lekua hurrengo gobernuan. Zortzi hilabete geroago, baina, puzzlea osatzeko dago.
Joan den astean Frantziako Gobernuak iragarri zuenez, SDFko eta Siriako behin-behineko gobernuko ordezkariek Parisen egingo dituzte negoziazioak. Elkarrizketa horien helburua da, hain justu, argitzea kurduek zer-nolako tokia izango duten Siriako hurrengo gobernuan, eta zer-nolako gobernabidea beren kontrolpeko lurraldeetan. «Kurduek amets handiak egiteko aukera eta gaitasuna dute», esan du Hawachek.
Poz efimeroa
Al-Xaraak behin eta berriz egindako promesa hezurmamitzeko dago oraindik, aditu siriarrak kontatu baitu orain indarrean dagoen gobernuak ez duela funtzionatzen, «musulman suniak bakarrik» ordezkatzen dituenez gero, eta ohartarazi du horrek arazo larriak sortu dituela. Adibide gisa aipatu du iragan hilean hegoaldeko As-Suwayda hirian liskarrak izan zirela drusoen eta beduino tribuen artean, gorroto diskurtsoak areagotzen ari direla, eta erradikalizazioa gero eta nabarmenago bilakatzen. «Gobernu honek indarraren bidez agintzen du: ez daki besterik egiten», gaineratu du.

Beduino tribuen eta drusoen arteko liskarrak hasi zirenean, Siriako behin-behineko gobernuak esku hartu zuen; gero, istiluak izan ziren Siriako armadaren eta drusoen artean ere. «Drusoek bat egin zuten HTSrekin Al-Assaden aurkako ofentsiban, baina, HTSkoek agintea hartu zutenean, botereguneetatik kanpo utzi zituzten drusoak». Hala, Sirian existitzen diren komunitate, talde eta etnia guztiak errespetatzea, babestea eta ordezkatzea da, Hawachen arabera, herrialdean egonkortasuna bermatzeko modu bakarra. Hitz horiek esan ondoren, irri txiki bat egin du, eta aitortu du ez dela lan erraza, «baina ezta ezinezkoa ere».
Gobernatzeko bidea aurkitzeaz gain, Siriako hurrengo agintariek asmatu beharko dute herrialdea nola berreraiki. Izan ere, hamalau urteotako borrokek eta erasoek ondorio suntsigarriak izan dituzte, eta oinarri-oinarrizkoak diren azpiegiturak erabat kaltetuta daude, hala nola argindarrarenak, energiarenak eta garraioarenak. Eta herrialdea prestatu beharko dute, gainera, Al-Assaden dinastia erori ondoren sorterrira itzuli asmo duten errefuxiatu guztientzat.