Laguntza humanitarioa Gazara eramateko kamioiak joan-etorrian dabiltza zerrenda hegoaldeko Rafah igarobide inguruan. Israelek atzo jakinarazi zuen jada ez dagoela gatibu israeldarrik Gazan, eta, Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidentearekin adostutako planari jarraituz, pasabidea konpontzen hasi dira, baldintzapean izango bada ere, zabaldu dezaten. Gazako Osasun Sailak ohartarazi du Israelek Rafah irekitzeko pausoa berehala ematen ez badu jende gehiago hilko dela, eta «aurreikusi ezin diren osasun ondorioak» izango direla.
Israelek Gazaren aurkako erasoaldia abiatu baino lehen, zerrendako herritarren sarrera eta irteera bide nagusia zen Rafahko pasabidea, Egiptorekiko mugan, eta laguntza humanitariodun ehunka kamioi sartzen ziren egunean. 2024ko maiatzean, ordea, igarobidea itxiarazi zuen Israelgo Gobernuak, eta handik edozein motatako laguntza iristea galarazi zien gazatarrei.
Egiptoko iturri batek EFE albiste agentziari gaur jakinarazi dionez, dagoeneko martxan dira pasabidea irekitzeko lanak. Egipto eta Gaza lotzen ditu igarobideak, baina Gaza aldeko zatia suntsituta dago. Hori konpondu behar dute lehendabizi, eta lan horiek amaitutakoan zabalduko dute bidea, Egiptoko iturri horren arabera.
Hala ere, Israelgo Gobernuak atzo jakinarazi zuenez, «mugatua» egongo da bertatik igarotzea, eta, bidea zabalduko duela iragarri bazuen ere, baldintza batzuen pean izango da. Besteak beste, pertsonak igarotzeko izango da soilik, eta espero dute egunean 100 eta 150 lagun inguru pasatuko direla joan-etorrian. Gainera, «ikuskatze mekanismoak» jarriko dituzte zerrendara sartu nahi duten palestinarrak kontrolatzeko. Israelgo armadak ez du kontrol horretan parte hartuko, baina estatu indarrak bertan egongo dira pertsonen joan-etorria gainbegiratzeko.
Horrez gain, Israelek iragarri gisa, egunero jasoko ditu Egiptotik sartu eta ateratzen diren pertsonen zerrendak, eta Israelgo Barne Inteligentzia Zerbitzura bidaliko ditu, ikuskatu ditzaten. Hamasek atzo salatu zuen horrek «zeharkako segurtasun kontrola» emango liokeela Israeli.
Gaza «desmilitarizatzea»
Gazako Segurtasun Sailak egunero bidaltzen duen oharrean jakinarazi duenez, gaur haur bat hil da Gazan, hipotermiak jota; neguan hipotermiaren eraginez hil den hamabigarren haurra da. Horrez gain, atzo Israelek egindako erasoetan bi pertsona hil eta beste bederatzi zauritu zirela jakinarazi du.
Era berean, Segurtasun Sailak ohartarazi du igarobidea etengabe itxita egoteak gaixoen eta zaurituen osasun egoera larriagotu egin duela, «egoera kritikoa» dela eta haien bizitzak «arriskuan» daudela. Hori dela eta, pasabidea «berehala» zabaltzeko eskatu du gaur, gaixotasun kronikoak dituzten eta Israelen erasoaldietan zauritu diren milaka gazatar arta ditzaten.
Bestalde, Israeleko Atzerri Ministro Gideon Saar Kazakhstanen izan da gaur, kooperazio diplomatiko bat dela medio, eta prentsaurrekoa eman du han. Bertan, adierazi du Hamas «erabat desarmatzea» dela egin beharreko hurrengo urratsa, eta Gaza «desmilitarizatu» egin behar dela: «Beharrezkoa da Israelen segurtasunerako eta Gazaren etorkizunerako. Hori da gure helburua».
Atzo, Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk parlamentuan emandako hitzaldi batean esan zuen Gazarako planaren hurrengo urratsa ez dela zerrenda berreraikitzea, Hamas armagabetzea baizik.