Ekialdeko Timorko presidentearen egoitza tirokatu du gaur goizean (atzo gaua Euskal Herrian) matxinatutako militar talde batek, eta Jose Ramos Horta presidentea oso larri zauritu dute, urdailean tiroa emanda. Australiako Darwin hiriko erietxe batera eraman dute helikopteroz, eta hango iturriek agertu dutenez, koma induzituan dago, hil edo biziko egoeran. Erasoan bi lagun hil dira: Alfredo Reinaldo matxinatutako militarren burua eta haiei aurre egin dieten soldadu leialetako bat.
Ramos Horta presidenteari eraso egin ondoren, Xanana Gusmao lehen ministroa tirokatu dute autoan zihoala. Hala ere, Gusmao ez dute zauritu, eta hark hartu du behin-behinekoz estatuburutza. Estatu kolpe saioa izan dela salatu du Gusmaok, eta iritzi berekoa izan da Australiako Gobernua. Salbuespen egoera ezarri dute 48 orduz, egoera lasaitu arte.
Ramos Horta eta Gusmao estatuburu eta gobernuburu izateaz gain, Ekialdeko Timor Indonesiatik bereiztearen aldeko mugimendu independentistaren buruzagiak izanak dira. Ramos Hortak Bakearen Nobel saria jaso zuen independentziaren aldeko eta Indonesiak Timorren egin zituen gehiegikerien kontrako borrokagatik. Gusmao Fretilin talde armatu independentistako burua izan zen.
Independentzia lortu zutenetik aldiro-aldiro sortzen dira borrokak matxinoekin.
Mundua
Ramos Horta Timorko presidentea koman dago, matxinoek zaurituta
Haren egoitza tirokatu dute erreboltariek, eta urdailean tiro bat jaso du. Australiako erietxe batera eraman dute helikopteroz, eta hil edo biziko egoeran dago. Xanana Gusmao lehen ministroari eraso diote Ramos Hortaren ondoren, baina ez dute zauritu. Estatu kolpe saioa izan dela salatu du Gusmaok. Salbuespen egoera ezarri dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu