Ratko Mladic Srebrenicako hiltzailea hil da

Hagan zendu da jeneral ohi serbiarra. 2017an bizi osoko kartzela zigorra ezarri zioten, genozidioagatik. 84 urte zituen.

Ratko Mladic Hagan 2021ean, auzi saio batean. JERRY LAMPEN / EFE
Ratko Mladic Hagan 2021ean, auzi saio batean. JERRY LAMPEN / EFE
Igor Susaeta.
2026ko abuztuaren 27a
15:56
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ratko Mladic hil da gaur, Bosniako gerran (1992-1995) Serbiako indarren jeneral izandakoa. Genozidioa egotzita bizi osoko kartzela zigorra ezarri zion Jugoslavia ohirako Nazioarteko Auzitegiak 2017an, eta Hagako (Herbehereak) atxilotze guneko ospitale batean hil da. Serbiako iturri ofizialek eman diote heriotzaren berri Srna albiste agentziari, eta NBE Nazio Batuen Erakundearen funtzionario batek baieztatu dio Reuters berri agentziari. 84 urte zituen Mladicek.

Gerra krimenak zein gizateriaren kontrakoak egiteagatik zigortu zuten Mladic, leporatuta hark agindu zuela Srebrenicako (Bosnia eta Herzegovina) sarraskia. 1995eko uztailaren 12tik eta 17ra bitartean, 12 eta 60 urte bitarteko 8.000 gizonezko bosniak —Bosnia eta Herzegovinako musulmanak— hil zituzten Serbiako indarrek, NBEk «leku seguru» izendatutako toki batean. 2017an Jugoslavia ohirako Nazioarteko Auzitegiak kaleratutako epaiaren arabera, «inoiz egindako sarraskirik handienetakoa» izan zen hura.

Zeid Ra'ad al-Hussein NBE Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen goi mandatariak esan izan du «gaizkiaren inkarnazioa» zela Mladic. 2017ko azaroaren 22an, Alphons Orie magistratuak epaia irakurri zuenean, ezin izan zion eutsi: «Gezurra da dena! Gezurti hutsak zarete!». Mladicek ez zuen genozidioa agindu, beren kabuz jokatu zuten gidatzen zituen soldaduek; hori esaten zuten haren abokatuek.

Auziaren fiskalak, baina, ez zuen hori uste. Osatu zuen txostenak zioen «oinarrizko rol bat» jokatu zuela, eta «garbiketa etnikoa» zuela helburu nagusi Bosniako gerrak. Epaiak tesi hori defendatu zuen, eta nabarmendu Mladicen asmoa zela «musulman bosniarrak eta kroaziarrak hiltzea, nazioarteak esku hartu aurretik».

(ID_16391036) (FILE) PEOPLE OBIT RATKO MLADIC

Mladic, NBEko ordezkari batzuekin 1993ko maiatzean Sarajevon egindako bilera batean. EFE

Nolabait, hiru urte iraun zuen gerra hura amaitzeko modu anker bat izan zen Srebrenicako sarraskia —urte hartako azaroan eman zuten amaitutzat gerra Kroaziako, Jugoslaviako Errepublika Federaleko eta Bosnia eta Herzegovinako ordezkariek, Daytongo Akordioen bidez—. Serbiarrek hiru urte zeramatzaten jada egunero Bosnia eta Herzegovinako hiriburu Sarajevo bonbardatzen. Hainbat iturriren arabera, 12.000 lagun inguru hil zituzten. Mladicen aurkako epaiketan, hain zuzen, jeneralari gerra sasoian egin zioten elkarrizketa bat baliatu zuen fiskalak froga gisa. «Tiro egin Velesici auzora. Han ez daude serbiar asko». Haren agindupean egon zirenen lekukotzak jasoz hainbat hedabidek azken urteetan kaleratu dutenez, Mladicek zera esaten zien Sarajevo setiatzen ari ziren serbiarrei: «Erre haien burmuinak! Bonbarda itzazue guztiz erotzen diren arte!».

Hamar urte ezkutuan

Haren beste adierazpen batzuk ere esanguratsuak dira. Kasko urdin batzuk inguruan zituela, 1995eko uztailean, Srebrenican, zera esan zien, kameren aurrean, emakumezko bosniak batzuei: «Beldurrik ez izan. Lasai hartu. Autobusetan eramango zaituztegu Kladanjera. Ez izan ezeren beldur, nire agindupean ari dira». Egun batzuk geroago, bere agindupean erail zituzten 8.000 gizon bosniakak hondeamakinak baliatuz lurperatu zituzten hobi komunetan.

Aste gutxi batzuk geroago jakin zen Srebrenican gertatutakoa, eta Mladici gerra krimenak egotzi zizkioten. Belgraden bizi izan zen hurrengo urteetan, harik eta 2000. urtean Slobodan Milosevicek Jugoslaviako presidentetzari uko egin zion arte. Hortaz, desagertu egin zen Mladic. 2011ko maiatzean atxilotu zuen Serbiako Poliziak, herrialdearen iparraldean, eta Hagara estraditatu, Jugoslavia ohirako Nazioarteko Auzitegiak hala eskatuta. 

Han zegoen atxilotuta Radovan Karadzik haren kidea, Bosniako serbiarren buruzagi politiko ohia. Hari 40 urteko kartzela zigorra ezarri zion Hagak, 2016an. Urtebete geroago zigortu zuten Mladic. Esaten zuen ez zuela auzitegi hura aitortzen. Auzi saioetara buruko militarra jantzita joaten zen hasieran; sententzia jakinarazi zioten egunean, trajea eta gorbata jantzita joan zen. Epaia entzun zuenean, auzitegi presidentea iraintzen hasi zen. Behin Mladic epaituta, urte haren amaieran ateak itxi zituen NBEk bultzatutako auzitegiak. Gaur eman du azken hatsa Balkanetako harakina deitutakoak.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA