«Nazioarteak huts egin die rohingyei». Telefonoaren bestaldean ari da hizketan Nay San Lwin, Rohingyak Askatzeko Koalizioaren sortzaileetako bat. Tinko bezain kezkati azaldu du Myanmarko gutxiengo musulman horrek urte luzez pairatu duen jazarpena; rohingyek gatazka besterik ez dute ezagutu denbora horretan guztian, eta ehunka mila lagunentzat ihes egitea izan da irtenbide bakarra. Batez ere Bangladesh mugakidera, hango desplazatuen kanpalekuetara. «Joan naizen aldiro neure begiekin ikusi dut horietako egoera, eta inoiz ere ez du hobera egin. Baina ez dute bizirauteko beste tokirik; horixe da duten onena», esan du Nay San Lwinek.
Nazio Batuen Erakundea goi bilera egitekoa da New Yorkeko egoitzan (AEB) irailaren 30ean, asteartez, Rohingyen eta Myanmarko beste gutxiengoen egoerari konponbidea ematen saiatzeko; hots, gatazka militarrek desplazatzera behartu dituzten milioi lagun baino gehiagok jaioterrirako itzulera «boluntarioa, segurua eta duina» izan dezaten, goi bilerara deitzeko ebazpenak dioenez. Dena den, kanpalekuetako laguntza humanitarioaren faltari erantzutea izango da NBEren goi bilerako lehentasunetako bat.
Noiz bueltatuko zain daude rohingyak, nahiz eta badaukaten aurrez zertaz arduratu: desplazatuen kanpamentuetako bizimoduaz. Nay San Lwinek gogoratu du Bangladeshek ez duela sinatua NBEren 1951ko Errefuxiatuen Estatutuari buruzko Konbentzioa, eta rohingyei beren eskubideak ez bermatzeko «aitzakia» dela hori: «Ez dute errefuxiatu izaeraren aitortzarik. Eta aitortzak esan nahi du eskubideak dituztela». Elikadura, osasuna, hezkuntza, higienea... Aktibistak agerian utzi du eskubide horiek guztiak urratzen zaizkiela desplazatuei, eta horrexegatik daudela NBEren agentzien eta gobernuz kanpoko erakundeen beharrean: «Eskubide horiek aitortuko balizkiete, kondizioak hobeak izango lirateke; oraingoz, ordea, esperoan egotea da egin dezaketen gauza bakarra, nazioartearen laguntzaren esperoan».
Milioi bat rohingya baino gehiago bizi dira Bangladeshko Cox’s Bazar distrituko kanpalekuetan, Myanmarko mugatik gertu. Behin horietara joanda, «ezin dute kanpalekuetatik ospa egin; txarrantxa eta zaintza postuen artean bizi dira», Nay San Lwinen arabera.
Ihesaldian bizitzera ohituta
Aspalditik izan dira desplazamendu oldeak horietarantz, eta ihesaldirik handiena duela zortzi urte gertatu zen. Gutxiengo musulmanaren kontrako gehiegikeriak salatzeko, 2017ko abuztuan talde armatu batek hamabi militar hil zituen eraso batean, Myanmar mendebaldeko Rakhine estatuan —horren iparraldeko bi eskualdetan, Buthidaungen eta Maungdawen, bizi ziren rohingya gehienak—, eta herrialdeko armadak berehala erantzun zuen indarkeriaz: herrietan sartu ziren, etxeak erre zituzten, eta 6.700 rohingya baino gehiago hil zituzten urtea amaitu arteko epean. Ondorioz, 750.000 lagun inguruk utzi zuten jaioterria.
Garai hartan, Myanmar demokraziaranzko trantsizioan zen, 2011n junta militarrak boterea zibilen esku utzi baitzuen mende erdiz agindu eta gero. Gobernuak ziurtatu zuen gutxiengoen alde arituko zela, rohingyen alde izan ezik, Myanmarrek Bangladeshko etorkintzat baititu gutxiengo horretakoak, eta, gainera, 1982tik ez die herritartasuna aitortzen; estaturik gabeko herria da rohingyena.
«Nazioarteak ez du ezertxo ere egin militarrak eta gerrillariak estutzeko. Txintik ere ez du atera»
NAY SAN LWIN Rohingyak Askatzeko Koalizioaren kidea
Trantsizio politiko hori eten zuten militarrek 2021ean, estatu kolpea emanda. Horri armadaren eta gerrillen arteko gatazkek jarraitu zioten herrialdearen luze-zabalean, baita Rakhine estatuan ere. Gaur egun, Arakan gerrillak hango eskualde gehienak ditu kontrolpean, rohingya gehien bizi ziren eskualdeak barne, Nay San Lwinek kontatu duenez: «Arakan gerrilla heldu zenean, zioen rohingyak eta beren eskubideak babestuko zituela. Myanmarko militarrak baino hobeak izatea espero genuen, bizikidetza baketsua izango genuela, elkar aitortuko genuela. Baina hori ez zen gertatu». Are, salatu du gerrillak ehunka rohingya hil zituela iazko maiatzeko eta abuztuko erasoetan: «Myanmarko militarrek hasitako lana ari da amaitzen».
Beste 150.000 rohingyak atzerrira jo dute iaztik, Bangladeshko kanpalekuetara, eta urtea amaitzerako beste 50.000k ihes egingo dutela aurreikusten du MEP Munduko Elikadura Programak. NBEren agentzia hori bakarrik arduratzen da zer jana emateaz kanpaleku horietan aterpe hartu duten milioi bat rohingyari baino gehiagori. Ohartarazi du nazioartearen laguntza gutxitzen ari dela, eta egoera «ezin eutsi» dabilela. Bangladeshko Gobernuaren eta gobernuz kanpoko erakundeen arabera, guztira ia mila milioi dolarren —850.000 milioi euroren— laguntza behar dute aurten desplazatuen kanpalekuetan; oraingoz herena pasatxo jaso dute.
Desplazatu bakoitzak hamar euro pasatxoren kupoia jasotzen ditu hilero, MEPen guneetan janaria eros dezan; finantzaketa bermatu ezean, ordea, «murrizketa latzak» egin beharko ditu agentziak. «Irtenbide bat, horixe nahi dugu, baina ez dugu asko espero», esan du Nay San Lwinek.
Rohingyen itzulera ere urruti ikusten du. Gogoratu du nazioarteak Myanmarko armadaren 2017ko genozidioa salatu zuela, baina ondoren sortutako gatazkei ez diela erreparatu: «Herrialdeek ez dute ezertxo ere egin militarrak eta gerrillariak estutzeko. Txintik ere ez dute atera. Rohingyak hiltzen jarraitzen dute. Hori bai pelloren egia, gero».