Urtebete baino gehiago daramate 700.000 bat rohingyek Bangladesh hego-ekialdeko Cox's Bazar hirian errefuxiatuta, eta oraingoz, ez dute itzultzeko bide segururik. Iazko abuztuan, ARSA Arakango Rohingya Askapenerako Armadak Myanmarko armadaren etxola bati egin zion eraso, Rakhin estatuan, eta 12 militar hil zituen. Erantzuna askoz ere odoltsuagoa izan zen: armada eta milizia budistak, 59 herritan sartu, 7.000 etxe erre, eta 400 rohingya hil zituen. Rohingyen exodo masiboa eragin zuen horrek, eta Bangladeshen daude geroztik.
NBEk, esaterako, "genozidio" gisa izendatu zuen Myanmarko armadak egindakoa; "munduan gehien jazarritako" etniatzat jo izan du. Myanmar hego-mendebaldekoak dira, eta, musulmanak izanik, baztertuta daude gehiengo budistaren aurrean. 1,3 milioi rohingya inguru bizi dira Rakhinen —populazioaren herena dira—,
Errefuxiatuei laguntzeko Bangladeshko idazkari Abul Kalamen hitzetan, "prest" zeuden itzuli nahi zuten errefuxiatuak Myanmarko mugara eramateko; prest zuten garraioa, medikuen laguntza... "Baina ez da boluntariorik agertu", esan du. Izena emateko aukera jarri zutela ere azaldu du Kalamek, eta 300 bat prest agertu zirela, baina errefuxiatu gunera joatean, ez zegoela inor itzultzeko prest. Horren ordez, milaka rohingya topatu dituzte, protestan: "Ez gara itzuliko, justizia nahi dugu". "Nire semea hil zuten, ez naiz itzuliko justizia bermatu arte", azaldu du Rahela Begum errefuxiatuak. Antzeko arrazoiak eman dituzte guztiek.
Bizia arriskuan
Myanmarko Atzerri Ministerioko idazkari nagusi U Myint Thuk, aldiz, "antolaketa faltari" egotzi dio rohingyen itzuli ezina. Haren hitzetan, mugan prest zuten itzultzen zirenak erregistratzeko zentro bat, hiritartasuna lortzeko eskariak bideratzeko. 1982an hiritartasuna kendu zietenetik, Myanmarrek ez die inoiz eskubide hori aitortu rohingyei. Kanpotartzat jotzen dituzte jaioterrian, Rakhine estatuan.
Kanadako lehen ministro Justin Trudeauk, berriz, ohartarazi du rohingyek ez dutela oraindik itzulera segururako baldintzarik, eta nazioarteko lankidetza handiagoa eskatu du. "Bermerik gabeko itzulerak ez du zertan konponbiderik onena izan rohingyentzat. Biolentziaren beldur egin zuten ihes". NBEko giza eskubideen idazkari Michelle Bacheletek ere rohingyak aberriratzeko asmoa bertan behera uzteko eskatu zion Bangladeshi, biziak arriskuan jarri eta nazioarteko legeak urratuko lituzketelako.