Nicolas Sarkozy (UMP) eta Segolene Royal (PS) izan ziren lehengo igandean Frantziako Presidentetzarako hauteskundeetan aurrera egin zutenak (Sarkozyk bozen %31,18 eskuratu zuen, Royalek %25,87), baina bigarren itzuliko lehen eztabaida handia ez da bi haien artekoa izango, Royalen eta Francois Bayrouren (UDF) artekoa baizik. Larunbatean ariko dira, Frantziako Canal Plus telebista katean, Le Grand Journal saioan (i-Tele albistegi kateak eta irratiak ere emango dute eztabaida). Goizez ariko dira PSko eta UDFko buruak, 11:00etatik edo 12:00etatik aurrera.
Royalek eskatu du eztabaida egitea, eta bi alderdien artean adostu dute. PSko iturriek gaur esan dutenez, lehen itzulia bukatu zenetik ez dira ari Bayrourekin "negoziatzen, hitz egiten baizik".
Hirugarren bukatu zuen lehen itzulian Bayrouk, %18,5eko babesarekin (ia zazpi milioi boto). Atzo emandako prentsaurrekoan ez zuen esan zeinen alde eginen duen. Maiatzaren 6an izanen da bigarren itzulia.
Sarkozyk, aldiz, baztertu egin du UDFko buruzagiarekin eztabaidatzea. Royalekin ariko da telebistan, maiatzaren 2an.
Frantzia
Royalen eta Bayrouren arteko eztabaida etzi telebistan
Larunbatean ariko dira PSko eta UDFko buruak, Canal Plus telebistan. Sarkozyk baztertu egin du Bayrourekin eztabaidatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu