Rufianen asmo berriak, oztopo bera

ERCko diputatuak egitasmo bat aurkeztu du, Espainiako hauteskundeei begira: PSOEren ezkerrean dauden alderdiek bat egitea, «probintziaz probintzia» Voxi eserlekuak irabazteko. Pablo Simon eta Toni Aira analista politikoek zail ikusten dute.

Gabriel Rufian iragan astean egindako aurkezpenean. BORJA SANCHEZ TRILLO / EFE
Gabriel Rufian iragan astean egindako aurkezpenean. BORJA SANCHEZ TRILLO / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2026ko otsailaren 26a
04:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako hauteskundeei erreparatuta, eskuinaren eta, batez ere, ultraeskuinaren mamua geroz eta gertuago dagoela diote inkestek. Otsailaren 18an Polit Pro etxeak kaleratutakoaren arabera, Alderdi Popularra (PP) lehen indarra litzateke Espainian gaur egun (%33,1) eta Vox alderdi ultrak inoizko emaitzarik onenak izango lituzke (%18,1). Egoera ilun horri erantzuteko, egitasmo berri bat aurkeztu du Gabriel Rufianek, Esquerra Republicanaren (ERC) Espainiako Kongresuko bozeramaileak, Mas Madrid alderdiko Emilio Delgadorekin batera, Espainiako Alderdi Sozialistaren (PSOE) ezkerrean dauden alderdiek bat egitea helburu duena. Egitasmo horren nondik norakoak aletu dituzte Toni Aira (Bartzelona, 1977) Bartzelonako Pompeu Fabra unibertsitateko komunikazio politiko eta instituzionaleko masterreko zuzendariak eta Pablo Simon (Arnedo, Espainia, 1985) Madrilgo Karlos III.a Unibertsitateko irakasleak. 

Aira eta Simon bat datoz Espainiako ezkerraren analisia egiteko orduan. Biek adierazi dute ikuspegia «geroz eta ilunagoa» dela hauteskundeei dagokienez. Beranduenez, datorren urteko udan dira Espainiako Gorteetarako hauteskundeak egitekoak, eta, oraingoz, PSOEren ezkerrean bi hautagaitza egongo dira. Simonek adierazi du indar horien diputatu kopurua «oso txikia» dela, eta hori irauli asmotan aurkeztu duela egitasmoa Rufianek. Airak, berriz, nazioartean eta Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuarengan jarri du arreta. Haren ustez, «nazional-populismoa» gorakada betean da, eta Donald Trump AEBetako presidentearen fenomenoak «kutsadura» eragin du nazioartean. Horrez gain, eta gaia Espainiara eramanda, uste du Sanchezen zortzi urteko agintaldia «higatu» egin dela.

«Gizarte mugimendu bat sortzen saiatu dira, mugimendu hori bere kabuz sortu beharrean»

TONI AIRA Analista politikoa

Hala ere, 1975ean frankismoa amaitu zenetik, Espainian askotan izan dira PSOEren ezkerrean kokatzen diren alderdiak bateratzeko edota alderdi berriak sortzeko mugimenduak. Antzeko mugimendu batzuetan sortu ziren, besteak beste, Podemos 2014an eta Sumar 2022an. Hala ere, testuingurua bestelakoa dela zehaztu dute Airak eta Simonek. Airaren ustez, «alderdi handiei erantzuteko kalean zegoen sentimendu batetik» sortu zen Podemos. «Espainia nazioarteko krisi ekonomiko betean zegoen, eta horrek konfiantza krisi garrantzitsua sortu zuen biztanleengan. Egoeraren erantzuletzat jotzen ziren indar horiek zigortzeko leiho bat ikusi zuten», zehaztu du. Rufianen egitasmoa, aldiz, «etsipenetik» egindako mugimendua dela dio: «Gizarte mugimendu bat sortzen saiatu dira, mugimendu hori bere kabuz sortu beharrean».

«Badauka zentzurik eremu berean hamalau alderdi aurkezteak? Bakoitza bere aldetik fusilatu egingo gaituzte politikoki», defendatu zuen Rufianek iragan astean, Madrilgo Galileo Galilei aretoan egindako agerraldian. Simonek, ordea, uste du «garaiz kanpo» egindako ekimen bat dela, bi alderdi mota «oso desberdin» uztartu nahi dituelako. Batetik, «ezker nazionalistak edo independentistak» — Bloque Nacionalista Galego (BNG), EH Bildu edo ERC, esaterako — eta, bestetik, Espainiako estatu osoan aurkezten diren alderdiak — Podemos, Sumar, eta Izquierda Unida (IU) —. Simonek dio ezker independentistek «beren oinarri eta gudu zelai propioa» daukatela, eta gogorarazi du inoiz ez direla Espainiako ezkerreko alderdiekin koalizioan joan. Horregatik, Simonek ez dio egitasmoari zentzu askorik ikusten: «Estatuko ezkerrak eta ezker independentistak batuz gero, lehenengoek galtzen ateratzeko arrisku handiagoa daukate».

«Nork esango dio beste alderdi bati probintzia batetik erretiratzeko, alderdiek irabazten duten diru kopurua hauteskundeetan jasotzen dituzten botoen araberakoa bada?»

Pablo Simon Analista politikoa

Rufianek argi azaldu zuen egitasmoaren helburu nagusia zein den: PSOEren ezkerrean kokatzen diren alderdiak bateratzea Voxi «probintziaz probintzia» aulkiak irabazteko. Adierazi duenez, lurralde batzuetan posible izan daiteke: «jokoan bederatzi aulki edo gutxiago dauden horietan». Baina galdera bat bota du airera: «Nork esango dio beste alderdi bati probintzia batetik erretiratzeko, alderdiek irabazten duten diru kopurua hauteskundeetan jasotzen dituzten botoen araberakoa bada?». Gainera, ohartarazi du politikan bat eta bat ez dela beti bi izaten, eta 2016ko Espainiako hauteskundeak ekarri ditu gogora: «Hauteskundeak errepikatu egin behar izan ziren, eta hor IUren eta Podemosen baturak milioi bat boto galdu zituen».

Simonen azken arrazoiketa horren harira, ezkerreko bloke baten batura egin ostean «lehen bezala» edo «lehen baino okerrago» gelditzeko arriskua ikusten du Airak ere: «Voxekin lehiatzeko gai den indar bat osatu behar izateak ez du esan nahi koalizioa sortzearekin bakarrik lortuko duzunik». Rufianek «programa bateratu bat» egitea proposatu zuen, «antifaxismoan, erabakitzeko eskubidean eta hobekuntza sozialean» oinarrituta. Zail ikusten du Airak, ordea. «‘Ez dira pasatuko’ leloaz gain, zertan jarriko dira ados? Zer eduki eskainiko dute horren parte diren alderdiek, guztiek partekatzeko modukoa eta kontraesanik gabea? Paperak ez dio denari eusten».

Horregatik, eta dagoeneko hainbat alderdik ezezkoa eman diotelako, hala Airak nola Simonek ez diote etorkizunik ikusten Rufianek proposatutako egitasmoari. Airaren kasuan, uste du azken astean entzun diren proposamenak «efektistak» direla «efektiboak» baino gehiago. «Diagnostikoa aspalditik dago eginda. Inora joango ez den beste bidaia bat izango da». Simoni, bestalde, ulergarri zaio hautesleen ehuneko handi bat «umezurtz» sentitzea, eta «ezkerraren zatiketaz eta ezkerra artikulatzeko moduaz» hitz egiteko beharra izatea, baina ez du uste egitasmoak aurrera egin dezakeenik. «Praktikan ez diot inolako etorkizunik ikusten».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.