Fronte Polisarioaren ordezkaria NBEren aitzinean

Ubi Butxraya Baxir: «Saharak duen irtenbide bakarra independentzia eta demokrazia da»

Erreferendum bat lortu nahian ari da Fronte Polisarioa, baina Marokok ez dio bozkatzeko eskubiderik ematen. Butxrayaren ustetan, Espainiak eta Frantziak «indar» handia dute gatazka horretan, eta Mendebaldeko Sahararen askatasuna «oztopatzen» ari dira.

Ubi Butxraya, joan den maiatzean, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU
Ubi Butxraya, joan den maiatzean, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU
Iratxe Muxika
Gasteiz
2025eko uztailaren 5a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Espainiako kolonizazioari desadostasuna eta erresistentzia erakusteko, herri erantzun bat sortu zuen Saharak orain 55 urte: Fronte Polisarioa. Ordutik, Mendebaldeko Sahararen askatasuna du amets. Mugimenduko kide ez ezik, NBE Nazio Batuen Erakundearen aitzinean Fronte Polisarioaren ordezkaria ere bada Ubi Butxraya Baxir (Miyec, Mendebaldeko Sahara, 1971). Frontearen urteurrenaren harira, Alternatibak Euskal Herrira gonbidatu zuen iragan maiatzean; Saharako gatazkez, etorkizunaz eta errealitateaz solastatzera. Herrialdearen ordezkaria denez, maiz tokatzen zaio Butxrayari, erraterako, Genevan [NBE] enbaxadoreekin lanean aritzea, edo UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariarekin harremanetan jartzea; baita Tindufeko [Aljeria] errefuxiatuen kanpalekuko eskubideak bermatzea eta aldarrikatzea ere.

Bi eremutan zatitzen da egungo Sahara: zati askatua eta zati okupatua. Eremu askatua Fronte Polisarioak kontrolatzen du; okupatua, berriz, Marokok. Eta, hain zuzen ere, bi aldeen arteko gatazkan bizi da herrialdea. Herritar gehienak Marokoren agindupeko lurretan bizi dira.

Butxrayak azpimarratu duenez, Fronte Polisarioa ez da alderdi politiko bat, baizik nazio askapenerako mugimendu bat. «Ezkertiarrak, eskuindarrak, abertzaleak eta bertze hainbat joera politiko biltzen ditu, eta militanteok helburu bakarra dugu: Mendebaldeko Sahararen independentzia».

Amets duten independentzia hori, baina, ez da hain erraza lortzen; batik bat, Butxrayaren esanetan, herritarrek ez dutelako bozkatzeko eskubiderik. Erreferendum bat eskatzen du Fronte Polisarioak, baina hegoaldeko Mauritaniak eta Marokok ez diote uzten. «Misio bat da boto eskubidea lortzea; amets bat».

«Marokok su etena hautsi zuenean, Espainiak eta Frantziak esku hartu behar zuten, eta gaizki egindakoei ondorio bat ezarri. Baina haien alde jarraitu zuten, eta beti saiatuko dira Sahararen independentzia oztopatzen»

UBI BUTXRAYAMendebaldeko Sahararen ordezkaria NBEren aitzinean

1991z geroztik —1975etik 1991ra arte gerran izan ziren Fronte Polisarioa, Maroko eta Mauritania—, su etenean izan dira Maroko eta Sahara, baina, 2020. urtean, Marokok hautsi egin zuen akordioa. «Ordutik, Marokok borroka armatua darabil gure kontra, eta horrek anitz baldintzatzen du gure ibilbidea», argitu du Butxrayak. Dena dela, faktore eragile gehiago dauzkate bidean: «Herri mugimenduak indartsu daude Saharan, eta Fronte Polisarioak herritarrak bultzatzen ditu eremu okupatuetan beren desadostasunak adieraz ditzaten, baita okupatzen dutenen kontra egin dezaten ere, modu baketsuan. Bertze faktore bat: erresistentzia diplomatikoa. Diplomazialariak eta Sahararen ordezkariak munduan barrena ibiltzen gara, nazioarteko erakundeek herrialdea lagun dezaten eta kontzientzia gara dezaten».

Azken bat gehitu du Frontearen egitekoa baldintzatzen duten faktoreen zerrendara: hezkuntza. «Fronte Polisarioa sortu aitzinetik ere, hasia zen hezkuntza eskubidea lortzeko borroka, eta, gaur egun, mundu guztiak dauka ikasteko eskubidea Saharan, errefuxiatuen kanpalekuetan ere bai. Hori hagitz pozgarria da, datozen belaunaldiek jakintza bat garatu baitute eta gai baitira beren eskubideen alde borrokatzeko».

Marokoren aurkako gatazka «astun» eta «luze» doa Mendebaldeko Saharan. «Marokok akordio ilegal bat sinatu zuen Espainiarekin, eta orduantxe hasi zen Sahara okupatzen». Marokok, dena dela, ez zuen uste hainbertze denbora beharko zuenik sahararrak garaitzeko. «Astebeteko kontua izanen zela uste zuen, eta oker zebilen: 52 urte daramatzagu».

Espainiaren eta Frantziaren esku hartzea

Marokok Mendebaldeko Sahararen gainean halako boterea eta eragiteko gaitasuna badu, hori «aliatuek» bidaltzen dioten «laguntzagatik» da, Butxrayak kontatu duenez. «Maroko ez da bereziki ongi moldatzen bere bizilagunekin; beti ari da borrokan. Europako hainbat herrialdek, baina, laguntza bidaltzen diote, eta boterea eman Mendebaldeko Sahararen gainean nahi duen guztia egiteko. Horregatik da hain zaila erreferenduma lortzea, bereganatu nahi duten zerbait kendu nahi diegulako».

Erreferenduma lortzeko bidean, beraz, boterea ez dago Marokoren eskuetan soilik. Aitzitik, Espainiak eta Frantziak «zer erran handia» dute, eta horrexegatik ari dira NBEren Segurtasun Kontseilua eta Mendebaldeko potentziak bi herrialdeei presioa sartzen. «Marokok su etena hautsi zuenean Espainiak eta Frantziak esku hartu behar zuten, eta gaizki egindakoei ondorio bat ezarri. Baina haien alde jarraitu zuten, eta beti saiatuko dira Sahararen independentzia oztopatzen», salatu du Butxrayak. «Zergatik? Erreferendum batekin eta benetako herrialde demokratiko batekin Saharak ez liokeelako mesederik eginen ez Espainiari, ez eta Frantziari ere. Menpeko herrialde bat da Sahara, eta zapaltzaileak inoiz ez du zapaldua galdu nahi izaten. Saharak duen irtenbide bakarra independentzia eta demokrazia da».

«Herri mugimenduak indartsu daude Saharan, eta Fronte Polisarioak herritarrak bultzatzen ditu eremu okupatuetan beren desadostasunak adieraz ditzaten, baita okupatzen dutenen kontra egin dezaten ere, modu baketsuan»

UBI BUTXRAYAMendebaldeko Sahararen ordezkaria NBEren aitzinean

Mendebaldeko Saharako gatazkagatik batik bat, errefuxiatuen kanpalekuetako egoera kezka iturri izan da beti Saharan, eta, Butxrayak baieztatu duenez, oraindik ere laguntza humanitarioaren egarri handia dago halako eremuetan. «Tindufeko kanpalekuetako errefuxiatuak arrazoi politikoengatik daude dauden lekuan; alegia, ez daude hor goseteak hala behartuta, edo hondamendi batek eraginda. Arrazoi politikoak daude gibelean, eta horiexek argitu behar dira». Zalantza izpirik ez du irtenbideaz galdetzen zaionean: «Autodeterminazioa».

Ekintzailearen ustetan, laguntza murriztea «estrategia hutsa» izaten da maiz, eta Fronte Polisarioaren kontra egiteko modu baten gisan ikusten du kanpalekuetako jokabide hori. «Munduan, bertze leku batzuk daude jomugan; Sahara ez dago lehen lerroan, eta horrek laguntza are gehiago zailtzen du». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.