Fronte Polisarioak komunikatu bat argitaratu du hilketa salatzeko. Haren arabera, Tifarititik gertu hil zuten El-Bendir, Rouss Irni herrian. Marokok, ohiko moduan, ez du adierazpenik egin. Tifaritiko inguru horretan dauka Polisarioak base nagusietako bat. «Rouss Irni eremu askatua» defendatzen ari zela hil zuten Guardia Nazionaleko burua, Polisarioaren arabera.
Eraso bat gertatu zen Marokok Mendebaldeko Sahara bereizteko eraikia duten hormetako batean, antza, eta eraso horretan egin zioten tiro drone batetik El Bendirri. «Gerra bortitz bat dago eremu honetan, eta hau da horren froga, nahiz eta Maroko ukatzen tematzen den», adierazi dio Polisarioko iturri batek Efe albiste agentziari. Soldatu marokoar batzuk hil dituztela ere adierazi du iturri horrek, baina Rabatek ez du hitz erdirik ere esan auziari buruz.
Polisarioak salatu du Israelek laguntza militarra eman diola Marokori, sahararren aurka borrokatzeko, eta urrats hori eginda «etsai» bilakatu dela hura ere. «Israelen esku hartzea Aljeriari bidalitako mezu bat ere bada; izan ere, estatu judua aspaldidanik ari da haren mugetan presentzia areagotzen, alor militarrean lan egiten duten hainbat enpresaren bitartez», ohartarazi du Polisarioak.
Iazko urriaren 13an hautsi zen Marokoren eta Polisarioaren arteko su-etena. Gergerateko pasabidean protestan ari ziren saharar batzuei oldartu zitzaizkien Marokoko militarrak. Hurrengo egunean, Fronte Polisarioko buru Brahim Ghalik adierazi zuen Marokok urteetako su-etena hautsi zuela ekintza horrekin —1991tik egon da menia indarrean, erreferendum bat noiz egingo—, eta gerra hasitzat eman zuen ostera.