AEBek Guantanamoko base militarrean (Kuba) duten atxilotze gunearen aurkako salaketak ugarituz joan dira. 500 preso baino gehiago omen dituen atxilotze gunea ixteko eskakizunak ere plazaratu berri dira.
AEBetako Senatuko Atzerri arazoetako batzordekide Joseph Biden senatari demokratak berak Guantanamoko atxilotze gunea ixteko gomendioa egin du, «mundu zabalean,terroristak biltzeko propaganda baliabide handiena bilakatu egin baita». Guantanamon gertatzen diren giza eskubideen aurkako egitateez ikerketa batzorde independente bat sortzearen alde zegoen hasiera batean Biden senataria. Orain, aldiz, gunea itxi egin behar dela iritzi dio. «Uste dut itxi egin beharko dugula eta presoak bertatik transferitu» adierazi zuen herenegun ABC telebistan. «Atxiki ditzagun atxiki beharreko presoak eta besteak libra ditzagun» gaineratu zuen senatari demokratak.
«AEBen etsaientzat oparia»
Guantanamo ixtearen aldeko jarrera aldarrikatu zuen, halaber, The New York Times ospe handiko egunkariak, herenegungo editoriale batean. Biden senatariaren argurdio berdinak hartuta, egunerokoak hauxe zioen: «Guantanamo da, AEBen aurkako propaganda egileentzako sekulako opari bat, eta gure aliatuei begira, lotsabide bat». Bere aldetik, Amnesty International giza eskubideen defentsarako erakundearen AEBetako adarraren zuzendariak gulag batekin alderatu du Guantanamo.
Musulmanen liburu sakratu Koranaren aurka «profanazio» gertaera batzuk izan zirela onartu zuelarik joan den ostiralean Pentagonoak, salaketa bipila azaldu zion atzo Washingtoni, Egiptoko Atzerri ministerioak.
GUANTANAMO
Salaketak ugaritu direla eta, atxilotze gunea ixteko presioa handitzen ari da
Joseph Biden senatari demokrataren iritziz, AEBek Kubako basean ustezko militante islamistak atxilotuta izateak mesede egiten die «terroristei»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu