Salehen alderdiak negoziazio mahaia utzi du Yemenen

Presidente ohiaren taldeak ez ditu negoziatu nahi independentisten aldarrikapenak

Erredakzioa
2013ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Yemenen akordio politiko bat egiteko Konferentzia Nazionala kolokan dago beste behin, oraingoan GPC Herriaren Batzar Nagusia alderdiak boikota egin diolako. Indar hori ez dago ados konferentziak iparraldeko eta hegoaldeko mugimendu independentisten aldarrikapenak aztertzeko hartutako erabakiarekin. «Gertatzen ari dena arriskutsua da eta konstituzioaren eta Yemengo legeen aurka doa, eta baita Golkoko Lankidetzarako Kontseiluaren akordioaren aurka ere», adierazi du GPCk ohar batean. Ali Abdullah Saleh presidente ohiaren alderdia da GPC, eta 1990etik 2012ra arte boterearen monopolioa eduki zuen. Gaur egun, bi alderdi nagusietako bat da.

Abd Rabbo Mansur Hadi presidenteak joan den astean hartutako erabakiak haserretu du GPC. Hamasei kidek osatutako batzorde berezi bat eratzea onartu zuen Hadik, iparraldeko houthi herriarekin eta Yemengo hegoaldearen independentzia aldarrikatzen duen mugimenduarekin negoziatzeko. Biek autodeterminazio eskubidea mahai gainean egotea nahi dute. Hegoaldeko Mugimenduak maiatzean utzi zuen konferentzia, baina hil honetan bueltatzeko akordio bat egin zuen. Herenegun eredu federalaren inguruan ari ziren eztabaidatzen, GPCko ordezkariek batzordea uztea erabaki zutenean.

Bi urteko prozesua

Duela bi urte Salehen aurkako matxinada gertatu zen, hasiera batean gazte erakundeek eta Al-Islah koalizioak sustatuta. Presidentearen agintea kolokan jarri zuen horrek, eta Persiako golkoko monarkiek bultzatuta trantsizio prozesu bat hasi zuten 2011 bukaeran. GPCk oposizioarekin akordio bat egin zuen: horren arabera, Salehek kargua utzi baina politikan jarraitu ahal izan zuen, eta haren tokian Hadi presidenteordea jarri zuten. Konferentzia Nazionala iragan martxoan jarri zuten martxan, bertze sistema politiko bat egituratzeko. Hor, Yemenek 2011ko matxinadaren aurretik zuen arazoa bihurtu da gakoa: lurraldetasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.