Salomon Uharteek eta Txinak tratua hobetu dute

2023ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
PEKIN. Txinaren eta Salomon Uharteen arteko segurtasun akordioak, iragan urteko apirilean sinaturikoak, kezka eragin du Ozeanian, eta, batez ere, Mendebaldeko potentzietan. Pekinek, ordea, hilabeteotan babestu du itun hori irla sortari begirakoa dela, eta hori berretsi zuen atzo Xi Jinping Txinako presidenteak, esan baitzuen Salomon Uharteei barne «egonkortasuna» bermatzen lagundu diela.

Txinako estatuburua uhartediko lehen ministro Manasseh Sogavarerekin bildu zen, Pekinen, eta, bilkura horren ondoren, Xik adierazi zuen bi herrialdeen arteko «lankidetza sendotu» nahi duela: «Horrek Pazifikoko bakea eta egonkortasuna defendatzeko balioko du».

Sogavarek, berriz, argudiatu zuen Txinarekiko harremanak indartzea «erabaki egokia» izan zela; are, esan zuen «prest» daudela «hainbat arlotan kooperazioa handitzeko». Horren erakusle, Salomon Uharteetako gobernuburuak eta Li Qiang Txinakoak bederatzi akordio sinatu zituztela.

Eta, hain justu, Australiak kezka agertu zuen atzo, akordio horiek sinatu, baina edukia argitara atera ez zutelako. Herrialde hori AEBen aliatua da, eta, finean, Salomon Uharteen inguruko eztabaidak agerian utzi du Washingtonen eta Pekinen arteko influentzia borroka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.