Salomon Uharteek ez dute «inoiz» onartuko atzerriko base militarrik

Uhartediko presidenteak mezu lasaigarri bat eman nahi izan dio Australiako lehen ministroari, Txinarekin sinatu duen itunaren inguruan

Manaseeh Sogavare eta Anthony Albanese, atzoko batzarrean. LUKAS COCH / EFE.
Mikel O. Iribar.
2022ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Manasseh Sogavare Salomon Uharteetako lehen ministroak bere hitza eman dio Anthony Albanese Australiako lehen ministroari: bere herrialdeak ez du «inoiz» onartuko atzerriko base militar bat bere lurretan. «Ez dugu egingo gure segurtasun nazionala ahulduko duen eta Pazifikoko uharteetako herrialde baten edo guztien segurtasuna arriskuan jarriko duen ezer. Izan ere, hori ez da Salomon Uharteen intereserako», berretsi zuen atzo Sogavarek, Albaneserekin batzartu aurretik, ABC Australiako kate publikoari egindako adierazpenetan. Canberra hiriburuan egin zuten bilkura bi agintariek.

Bileraren ostean, ohar bat kaleratu zuten bi gobernuek. Bertan, Albanesek eta Sogavarek ziurtatu zuten bi estatuak daudela «bakearen alde» engaiatuta, eta Australiak klima krisiaren aurka hartu dituen konpromisoak nabarmendu zituzten, Ozeano Bareko uharteetako nazioek Canberrari egin dioten eskakizun nagusietako bat.

Irailean, Sogavarek Salomon Uharteetako barne auzietan «esku hartzea» egotzi zion Australiari, Canberrak bere burua eskaini zuelako uhartediak 2023ko azaroan egin behar zituzten hauteskundeak finantzatzeko. Sogavarek 2024ko hasierara arte atzeratu nahi zituen, argudiatuta herrialdeak Pazifikoko Jokoak hartuko dituela 2023ko azarotikabendura, eta gobernuak ez duela aldi berean bozak antolatzeko baliabiderik. Bozak atzeratzeak oposizioaren haserrea eragin zuen, Sogavareri aukera ematen diolako boterean luzaroago egoteko, baina lehen ministroak data aldatzea lortu du azkenean.

AEBek eta Ozeano Bareko hamabi estatuk lankidetza adierazpen bat sinatu eta astebetera batzartu dira Albanese eta Sogavare. Washingtonen helburua argia zen: estatu horiekiko harremanak estutzea, eta AEBen interesak defendatzea. Salomon Uharteek, baina, uko egin zioten Etxe Zuriak proposatu zuen akordio diplomatikoa sinatzeari. Pazifikoko zenbait herrialdek kritikatu zuten AEBen laguntza ekonomikoa ez zela nahikoa.

Txinarekin bai, ituna sinatu zuten Salomon Uharteek apirilean, eta akordioak Australiaren,AEBen eta Zeelanda Berriaren kritikak eragin zituen, Pazifikoko egonkortasuna «arriskuan» jarriko duela iritzita. Akordio horrek bide emango dio Salomon Uharteen eta Txinaren arteko lankidetzari; besteak beste, uhartediko «ordena sozialari eusteko, herritarren segurtasuna bermatzeko, eta hondamendi naturalei aurre egiteko». Itunak, ordea, mesfidantza eragin du Pazifikoan, eta Quad aliantzak —AEBek, Japoniak, Indiak eta Australiak— Txinari leporatu diote «bereziki Indo-Pazifikoan » statu quo-a «indarrez» aldatu nahi izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.