Migrazioa

Salvini epaitzeko baimena eman dute, 'Open Arms' blokeatzeagatik

Zortzi botoren aldea egon da Italiako Senatuko bozketan. «Pertsonen bahiketa» egozten diote Legako buruari, salbamenduontziaren lehorreratzea hogei egunez debekatzeagatik.

Matteo Salvini Senatuan, gaurko bozketaren aurretik. EFE
2020ko uztailaren 30a
19:33
Entzun

«[Matteo] Salvinik ez zuen interes publikoaren alde egin», esan du gaur Matteo Renzi Italia Bizirik alderdiko buruak Italiako Senatuan. Senatuak erabaki behar zuen Lega eskuin muturreko alderdiaren buruaren aurkako beste epaiketa bat baimendu ala ez, gaurko kasuan Open Arms ontziaren lehorreratzea blokeatzeagatik. 149 senatarik bozkatu dute baimena ematearen alde, haien artean koalizio gobernua osatzen duten 5 Izar Mugimenduak, Alderdi Demokratikoak, Askeak eta Berdinak eta Italia Bizia alderdiak. Aldiz, 141ek bozkatu dute baimena ematearen kontra.

Senatuko bozketako emaitzak ez du esan nahi Salvini zuzenean epaituko dutenik; goi ganberaren baimena izanda, orain Palermoko Auzitegiari dagokio epaiketa egin ala ez erabakitzea. Italia Bizirik-en botoak erabakigarriak izan dira, izan ere, pasa den maiatzean ezezkoa nagusitu zen Senatuko batzorde batek auziaz egin zuen bozketan, alderdi horren abstentzioari esker.

2019ko abuztuan Open Arms ontziaren lehorreratzea blokeatzeagatik epaituko lukete Italiako Barne ministro izandakoa. 150 migratzaile inguru egon ziren hogei egunez itsasoan, salbamendu barkuari Italiako Gobernuak lehorreratzeko baimena eman zion arte. Fiskaltzak ontzi batean «pertsonak bahitzea» egozten dio Salviniri, agintean zegoenean hartutako erabakia izan zelako. Legako buruzagiak bere burua defendatu du, Europako Batasunari Italiako kostara heltzen diren errefuxiatuen «karga» banatzera behartzeko «legezko» modua zelakoan.

«Salvinik egindakoa krimena izan zen ala ez, edota gobernuko gainontzeko kideen laguntza jaso zuen, hori ez dugu guk erabaki behar, hori justiziaren esku dago. Aldiz, erabaki behar dugu ea interes orokorra kontuan hartu zuen», esan du Renzik. «Ontzi bat kostatik kanpo mantentzea, nire ustez, ez da publikoaren intereseko gauza», zehaztu du. Hark esandakoari erantzun dio Salvinik: «Epaiketara joan behar badut, burua tente joango naiz bertara».

Joan den otsailean antzeko bozketa bat egin zuten Italiako Senatuan. 2019ko uztailean Gregoretti ontzian zeuden 130 bat migratzaile blokeatu zituen Salvinik astebetez, haien artean adingabekoak, eta horregatik egozten dio «botere abusua eta pertsonak bahitzea» Cataniako epaile batek. Lehenago ezin zuten Salviniren aurkako prozesu judizialik abiatu, immunitatea zuelako, baina otsaileko bozketan kendu egin zion Senatuak eskubide hori, eta, hortaz, Gregoretti kasuan epaitua izango da.

«Oso lasai nago, eta egin nuenaz harro», esan zuen orduan Legako buruak. «Martiri» gisa aurkeztu zuen bere burua, defendatuz erabakia koalizio gobernu osoarena izan zela, eta ez berea bakarrik. Epaiketa horren lehen saioa atzeratu egin dute hiru aldiz koronabirusaren ondorioz; urriaren 3an izango da, aldaketarik ez badago.

Gaurkoa, beraz, ez da Salviniren aurka baimendu duten epaiketa bakarra izan, eta, hala ere, Barne ministro ohia ez da arduratuta ageri; hura epaitzeko baimena emanda, Senatuak «opari handi bat» egiten diola esan du.

Epaiketa horiek, baina, kalte egin diezaiokete, batez ere, bere ibilbide politikoan, La Repubblica Italiako egunkariaren arabera. Pertsonen bahiketagatik —adingabekoak barne hartzen baditu, Gregoretti kasuan lez—, 15 urte arteko espetxe zigorra ezarri ahal diote. Errudun jo eta bi urte baino gehiagoko zigorra ezartzen badiote, senatari kargua kenduko liokete, eta berriro hautagai izateko aukera galduko luke Salvinik. Italiako egunkariak diona kontuan hartuta, baliteke bere alderdiko buruzagitza zalantzan jartzea ere, 2023ko hauteskunde orokorrei begira.

Urtebete karguan

Salvini Italiako Barne ministro izan zen 2018ko ekainetik 2019ko irailera arte, eta immigrazioaren aurkako jarrera izan zen haren ikuspuntu ezagunetako bat.a

Kargua hartuta egindako lehenengo mugimenduetako bat izan zen Libiako migratzaileak zeramatzaten salbamendu barkuei Italiako portuak ixtea. Ondorioz, Italiako agintarien eta gobernuz kanpoko erakundeen arteko talkak egon ziren; haietako batzuk justiziaren eskuetan geratu dira. Gutxienez hiru ikerketa zabaldu dira orain arte, Salviniren aurka, «bahiketa» egotzita: Open Arms, Gregoretti eta Ubaldo Diciotti izeneko barkuarena —177 migratzaile zeuden bertan—. Azken ikerketa hori Senatuak blokeatu zuen, 2019ko martxoan; orduan, Lega eta M5S koalizio gobernuaren babesa zuen Salvinik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.