PORTUGAL

Sampaio presidenteak onartu du lehen ministroaren kargu-uztea

Santana Lopes jardunean egongo da otsailaren 20ko bozak egin arte

Erredakzioa
2004ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Pedro Santana Lopes lehen ministroak iragan larunbat arratsean aurkeztu zion dimisioa Jorge Sampaio presidentea, eta hark onartu egin zion atzo. Haatik, datorren otsailaren 20rako iragarri diren Legebiltzarrerako hauteskundeak egin arteraino agintean geratuko dela zehaztu zuen lehen ministroak «herrialdearen egunez eguneko kudeaketa bermatzeko xedez». Santana Lopesek, ildo horretan, Bruselan datozen ostegun eta ostiralean egingo den EB Europako Batasunaren estatuburueneta gobernuburuen bileran parte hartuko du.

Frantziaren eta Portugalen arteko goi bileraren karietara, Jean-Pierre Raffarin gobernuburu frantziarrarekin Angulema hirian atzo zuen hitzordua ezeztatu egin zuen, ordea, jarduneko lehen ministroak .

Sampaioren salaketak

Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidentetzarako hautagai izendatua izan ondoren, Santana Lopes lehen ministro izendatu zuen Sampaio presidenteak uztailaren 17an. Jose Manuel Durao Barroso aurreko lehen ministroa zen.

Iragan azaroaren 30ean, baina, Legebiltzarra desegiteko asmoa azaldu zuen Sampaiok, «Gobernuaren sinesgarritasun eskasa» argudiatuta.Joan den ostiralean egindako adierazpenetan, berriz, «kalapitek, kontraesanek eta koordinazio huts andanek Gobernuaren ospe onari kalte egin» diotela zehaztu zuen Sampaio presidenteak. Ondorioz, Santana Lopezek dimisioa eman zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.