Auzitegi Goreneko Llarena epaileak ez du arrazoi nahikorik ikusten Sanchez JxCeko diputatuari ateleheneko inbestidura saiora joaten uzteko, nahiz eta Kataluniako presidente izendatzeko hautagai bakarra den. Hala egiteko eskatua dio fiskaltzak auzitegiari, eta Llarenak aintzat hartu du fiskaltzaren jarrera. Estrasburgora joko du Sanchezek, eta auzitegi haren erabakiaren zain, inbestidura plenoa atzeratzea erabaki du Roger Torrent legebiltzarreko presidenteak.
Sanchezen defentsak diputatua aske uzteko galdegin zion Auzitegi Gorenari, helegite bidez, hautagai proposatu izan denez, inbestidura saioan parte hartu ahal izateko. Hala ez egiteak Sanchezen eskubide politikoak eta haren hautagaitza babesten duten indarrei botoa eman zioten herritarrenak urratzen dituela ohartarazi zuen defentsak. Horrez gain, Sanchez presidente izendatzea eragotziz gero, Kataluniako erakundeen autonomia ere kaltetuko lukeela argudiatu zuen.
Llarenak Sanchezi behin-behineko espetxe zigorra ez etetea erabakitzen bazuen, gutxienez, inbestidura saiora joateko baimena eman ziezaiola ere eskatu zuen hautagaiaren defentsak.
Auzitegiak baztertu egin ditu bi eskariak, eta inbestidura saioan parte hartzea debekatu dio JxCeko diputatuari. Argudiatu duenez, inbestidura saiora joatea baimenduz gero leporatzen zaizkion delituak berriz ere egiteko arriskua du Sanchezek, eta arrisku hori "sekulakoa" da, epailearen esanetan.
Astelehenean ziren egitekoak inbestidura saioa, baina ez dute egingo. Torrentek atzeratzea erabaki du, Estrasburgoko Auzitegiak bere iritzia eman arte.