ESPAINIA

Pisu handieneko ministerioetan ez du aldaketarik egin Sanchezek

Kabinete berriaren «profil politiko nabarmena» azpimarratu du Espainiako presidenteak. Bolaños Presidentetza Ministerioko burua eta Justizia ministroa ere izango da. Sumarrek bost ministerio izango ditu, eta Podemosek ez du zuzenduko horietako bat ere.

BOLAÑOS. MONTERO. PSOE.
Montero (ezkerrean) eta Bolaños Kongresuan, aurreko martxoan. KIKO HUESCA / EFE
Igor Susaeta.
2023ko azaroaren 20a
12:00
Entzun

Pedro Sanchezek bere kabinete berriaren «profil politiko nabarmena» azpimarratu du, eta nabarmendu ministro talde horrek «egonkortasuna» emango diola legegintzaldiari. PSOEko burua joan den ostegunean izendatu zuten Espainiako Gobernuko presidente, eta gaur jakinarazi ditu ministro berrien izenak, Moncloa jauregian irakurritako adierazpen batean. Gobernu berriak 22 ministerio edukiko ditu; hamabi emakumeek zuzenduko dituzte, eta bederatzi pertsona aurrenekoz izango dira ministro.

Aintzat hartuta inbestidurarako botoak eman dizkion blokea transbertsala dela oso, hurrengo legegintzaldiak ezegonkorra izango den itxura du. Hori jakinda, Sanchezek erabaki du aldaketarik ez egitea pisurik handiena duten ministerioetan —estatu ministerioak esaten zaienetan—, edo horietan konfiantzazko jendea jartzea. Esaterako, Fernando Grande-Marlaskak (Barne ministroa), Jose Manuel Albaresek (Atzerri ministroa) eta Margarita Roblesek (Defentsa ministroa) karguan jarraituko dute, baita Yolanda Diazek (Lan ministroa eta bigarren presidenteordea), Nadia Calviñok (Ekonomia ministroa eta lehen presidenteordea) eta Teresa Riberak ere (Trantsizio Ekologikoko ministroa eta hirugarren presidenteordea). Oscar Puente, presidentearen kabineteburua, Garraio Ministerioko burua izango da.

Berritasun nabarmenenetako bat da Felix Bolaños Justizia ministro izango dela, noiz eta, hain zuzen, amnistia legea ezarri beharreko legegintzaldian. Azken kabinetean, Sanchezen konfiantzazko pertsonetako bat izan da, ERC Esquerra Republicanarekin eta JxC Junts Per Catalunyarekin inbestidura desblokeatu duen testua negoziatu dutenetako bat. Bide batez, Presidentetza ministroa izango da aurrerantzean ere. Eta beste bi berritasun esanguratsu ere badira. Batetik, gobernuak laugarren presidenteordetza bat edukiko duela, eta Maria Jesus Montero 2018az geroztiko Ogasun ministroak izango duela horren ardura. Eta, bestetik, Ana Redondok Irene Montero ordezkatuko duela Berdintasun ministro gisa. Sumarrek, bestalde, UP Unidas Podemosek 2020-2023ko legegintzaldian egin bezala, bost ministerio zuzenduko ditu.

Espainiako Gobernuak bozeramaile berri bat izango du: Pilar Alegria. Gainera, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako ministroa izango da aurrerantzean ere —Kirola atala ere barnean hartuko du ministerio horrek—, eta Isabel Rodriguez ordezkatuko du eledun karguan. Rodriguezek Lurralde Politikako Ministerioaren ardura utziko du —Angel Victor Torresek hartuko du—, eta Etxebizitza ministroa izango da. Elma Saiz nafarrak zuzenduko du Gizarte Segurantzako Ministerioa, Iruñeko Udaleko PSNren bozeramaileak.

PSCko bat

Kabinete berrian ez dago PSEko inor. PSCri dagokion kuota, bestalde, Jordi Hereuk beteko du. 2006 eta 2011 artean Bartzelonako alkatea izandakoa Industria ministroa izango da. Ordutik politika instituzionaletik kanpo egon da, eta enpresa pribatuan aritu da. PSOEren kabinete batzuetan ohituratzat hartu dute ministerio hori PSCko kideei ematea; Jose Montillari (2004-2006) eta Joan Closi (2006-2008), esaterako. PSOEk emaitza oso onak lortu zituen Katalunian uztailaren 23an, Espainiako Gorteetarako bozetan, eta aintzat hartu behar da, gainera, CEO Centre d'Estudis d'Opinio Generalitatearen organoak joan den ostiralean kaleratutako barometroaren arabera PSCk irabaziko dituela Kataluniako Parlamenturako hurrengo bozak. Datu bat horren guztiaren harira, nolanahi ere: aurreko legegintzaldian PSCko bi kide izan dira ministro: Miquel Iceta (Kultura) eta Raquel Sanchez (Garraioa).

Maria Jesus Montero Ogasun ministroa presidenteorde ere izango da; hortaz, lau presidenteordetza izango ditu gobernuak

Eta Podemosek ez du ministeriorik edukiko. Izan ere, Diazen ingurukoek izango dute Sumarri zuzentzea dagozkionen ardura: Ernest Urtasun (Kultura), Pablo Bustinduy (Gizarte Gaiak), Monica Garcia (Osasuna) eta Sira Rego (Gazteria). Hau da, Podemos ez bezala, Mas Madrid (Garcia) eta Izquierda Unida (Rego) ordezkatuta egongo dira. Podemosek salatu du Sanchezek eta Diazek «bota» egin dituztela gobernutik. «Hutsegite larri bat da, eta albiste oso txar bat Espainiarentzat, zeren mugatu egiten baitu, are erauzi ere, eraldaketa sakonenak egiteko aukera», azpimarratu du, agerraldi batean, Pablo Fernandez alderdiaren buruzagiak. Ez du zehaztu, ordea, Sumarretik aterako ote diren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.