Katalunia

Sanchez: «Espainiarrona denaz espainiar guztiok erabaki beharko dugu»

Elkarrizketa mahaira itzuli izanaz pozik agertu da Espainiako presidentea, Aragonesekin bildu ostean. Elkarrengandik «oso urrun» daudela adierazi du, eta, horregatik, uko egin dio negoziazioari epemuga jartzeari.

Quique Garcia / EFE. PEDRO SANCHEZ ESPAINIAKO PRESIDENTEA ETA PERE ARAGONES KATALUNIAKO BILDUTA, GAUR EGUERDIAN.
Julen Aperribai.
2021eko irailaren 15a
18:24
Entzun

Bilduta dago uneotan Espainiako eta Kataluniako gobernuen arteko elkarrizketa mahaia. Aurrez, bilera bat egin dute Pedro Sanchez Espainiako presidenteak eta Pere Aragones Kataluniakoak, eta bertan hitz egindakoaz azalpenak eman ditu Sanchezek jarraian. Generalitateak egindako harrera eskertu du, eta bi aldeen arteko elkarrizketa berrartu izanagatik pozik agertu da. Bi aldeek arazoei «irtenbide adostuak» emateko «borondatea» dutela nabarmendu du, eta Aragonesekin bat egin duela puntu horretan. Hala ere, «elkarrengandik oso urrun dauden posizioak» dituztela berretsi dio bilerak, azaldu duenez: «Erradikalki desberdinak».

Desadostasun handienak dituzten gaietan elkarrengana «gerturatu» ahal izateko, elkarrizketari eutsi beharko diotela nabarmendu du, eta fokua adostasun handiago dutenetan jartzearen alde agertu da. Zentzu horretan, uko egin dio mahaiari epemuga jartzeari: «Presarik, eperik eta etenik gabe jarraituko dugu». Gatazka konpontzeko denbora asko beharko dela azpimarratu du. «Egun batetik bestera ez dugu konponduko duela hamar urte izorratu zena».

Gai arantzatsuenak autodeterminazioaz eta amnistia direla aitortu du Sanchezek. Aragonesek bi eskari horiek egin dizkiola esan du, «biltzen garen bakoitzean» egiten dizkion gisan, baina «ezinezkoak» direla defendatu du. «Ez soilik konstituzioak ez dituelako baimentzen, baina baita Kataluniako gizarteak zatiketa gehiago sufritu ezin dituelako ere». Eta gaineratu: «Espainiarrona denaz espainiar guztiok erabaki beharko dugu».

Generalitateko presidenteak, Sanchezek egin moduan, elkarrizketa mahaira itzuli izana nabarmendu du. Aurrez ere mahai horretan bilera gehiago egin izan diren arren, gaurkoak «negoziazio prozesua berriz hastea» esan nahi duela adierazi du. Bilerak balio izan dio berresteko Kataluniako gatazkak «elkarrizketan oinarritutako irtenbide bat» eskatzen duela, ondoren herritarrek berretsi beharko dutena.

Hori egitetik urrun daudela onartu du, eta, hortaz, bi aldeek elkarrenganako «konfiantza sortzen» jarraitu behar dutela azpimarratu. Hala ere, Espainiako Gobernuak «gatazka politiko bat» badagoela aitortu izana txalotu du. «Gaur, bi ordezkaritzek borondatea agertu dugu negoziazio prozesua berrartzeko eta gatazka konpontzeko gaurkoa baino aldekoagoa izango den testuinguru bat sortzeko», erantsi du.

Erdibituta iritsi da independentismoa gaurko bilerara. Hain erdibituta, ezen hura parlamentuan ordezkatzen duten hiru alderdietatik bakarra izango baita mahai horretan. Pere Aragones presidenteak handik kanpo utzi zituen atzo JxC Junts per Catalunyako ordezkariak, gobernutik kanpoko mahaikideak aukeratu zituelako alderdi horrek, eta CUPek, berriz, eztabaidagune hori auzitan jarriko du iluntzean, Ez akordiorik, ezta ukorik ere lelopean egingo duen mobilizazioan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.