Auzitegi Goreneko epaileen "independentzia eta gardentasuna" goraipatuz hasi du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak epaia jakin osteko agerraldia. Gogorarazi du, bide batez, Katalunian jaso zituela aldeko boto gehien Espainiako Konstituzioak, eta hari esker duela "Europako autogobernu maila handiena".
Orain, ebazpenai esker, "aro berri bat" hasiko dela nabarmendu du buruzagi sozialistak, Katalunia "dagokion tokira" itzultzeko aukera ahalbidetuko duena, "Espainiaren baitara". Zentzu horretan, "elkarrizketa" eskaini dio Sanchezek Generalitateari, beti ere, hura "gizarte osoari" entzuteko prest bada, eta ez orain arte bezala "gutxiengo independentistari". Quim Torrak ere hitz egin nahi du Sanchezekin. Goizean egindako agerraldian esan du gutun bana igorri diela Espainiako erregeari eta berari. Ez dirudi, ordea, tono eta helburu berdinarekin hitz egin nahi dutenik.
Sanchezen iritziz, "proiektu politiko baten porrota" dakar epaiak, "mina eta enfrentamenduak eragin dituen proiektu batena". Hala, "muturreko jarrerak" alde batera utzi eta Katalunia "moderno eta tolerante bat" eraikitzeko deia egin die Generalitateko buruei: "Gobernuaren helburua da independentismoak urratu duen gizartea batzea. Katalunia da jokoan dena, eta ez gure herriaren batasuna".
Espainiako gobernuburuak ez dio egin aipamenik 155. artikuluari, baina ez du hura ezartzeko aukera erabat baztertu. "Datozen egunetan Espainiako Gobernua mobilizazioei erne egongo da, eta gerta daitezkeen urraketei erantzungo die, horretarako legea baliatuz".
Espainiako alderdietako ordezkarien lehen hitzak epaiaren berri izan eta berehala iritsi dira. Jose Luis Abalos PSOEko Antolakuntzako idazkari eta Sustapen ministroak esan du "onartu" egin behar dela Auzitegi Gorenaren epaia, eta ukatu egin du gobernuak asmoa duela indulto bat emateko. TVE Espainiako telebista publikoan emandako elkarrizketa batean adierazi du Auzitegi Gorenak "justiziaz" jardun duela, eta muzin egin diela "presio politikoei". Abalosen ustez, emandako epaitik ondoriozta daiteke zuzenbide estatuak eta justiziak "funtzionatu" egiten dutela.
Fernando Grande Marlaska Barne ministroak ere hitz egin du, RNE irrati publikoan. Ukatu egin du Espainia "estatu mendekati" bat dela, eta gogoratu du “pertsona jakin batzuei leporatutako gertaera jakin batzuk” epaitu direla. “Botere judizial independente bat daukagu, demokraziarik aurreratuenetan diren baldintzekin homologatzeko modukoa. Hau zuzenbide estatu bat da, ez estatu mendekati bat”.
Pablo Casado PPko idazkari nagusiak ere gogor hitz egin du, eta gogoratu du “egiten duenak ordaindu” egiten duela. Aldi berean, dei egin dio Pedro Sanchezi ez indultatzera buruzagi independentista zigortuak.
Ezkerreko alderdien kritikak
Pablo Iglesias Unidas Podemoseko buruak adierazi du epai hau "historiara" pasatuko dela, hain zuzen ere, "demokrazian arazoak konpondu behar ez diren" moduaren ikur gisa. Ildo horretan, bustitzeko eta "zubiak egiteko" garaia dela adierazi du, "ezinbestekoa" baita "adiskidetzea". Bere alderdiak horren alde lan egingo duela hitzeman du. Iglesiasek adierazi du "mundu guztiak errespetatu" beharko duela legea, eta epaia "onartu".
Iglesiasen alderdiaren Kataluniako adar En Comu Podemek ere gaitzetsi du Auzitegi Gorenaren erabakia. "Aberrazio amorragarritzat" jo du epaia, eta gaineratu du "oinarrizko eskubideen eskubide bat sedizio bihurtzea demokraziaren aurkako eraso larria" dela.
Alberto Garzonek ere kritikatu du epaia, eta ziurtatu du zigorrak "gehiegizkoak" direla. Ildo horretan, epaiak ez du lagunduko Kataluniako gatazka konpontzen, Garzonek Twitterren idatzi duenez.
Iñigo Errejonen Mas Pais alderdiak ere eman du iritzia: "Gaur atzo baino urrutiago dugu zubiak berregitea Kataluniako gizartearen eta Espainiako gainerakoaren artean". Ildo horretan, zauriak "sendatzeko" politika egitea tokatzen dela nabarmendu du.
Bien bitartean, mobilizazio handiak ari dira gertatzen Katalunian, eta Euskal Herrian ere kalera ateratzeko deia egin dute. Larunbatean manifestazio nazionalera deitu du Gure Esku-k.