JxCren hauteskunde kanpainako ekitaldi nagusian, ezustean parte hartu zuen Jordi Sanchezek. Espetxean grabatutako audio batez bidez nabarmendu zuen Carles Puigdemont JxCko zerrendaburuak hauteskundeak irabaztearen garrantzia, Mariano Rajoy Espainiako presidenteak "ordaindu eta maneiatu" ezingo zuen bakarra zela iritzita.
Mezu hori espetxean grabatzeagatik zigora ezarri dio gaur Soto del Real kartzelako (Madril) espetxe zuzendaritzak. Sanchezek 18 ordu emango ditu egunean ziega barruan, hilabatez. Horrez gain, ezin izango du inolako harremanik izan grabazioa espetxetik ateratzen eta hauteskundeetan zabaltzen lagundu zion Nuri Guillaumes JxCko zerrendakidearekin, sei hilabetez.
Sanchezek publiko egin du espetxe zuzendaritzak ezarri dion zigorra.
ANCko presidente ohiari Soto del Realeko zuzendaritzak ezarri dizkion neurriak salatu ditu ANCk. Elkarte subiranistak nabarmendu du Carles Puigdemontek ez duela arazorik izan Alemaniako espetxe batean grabatutako mezua zabaltzeko. "Sistema judiziala arerioen mendekurako erabiltzen duen estatua gainbeheran den estatua da", adierazi du.
Puigdemontek ere hizpide izan du Sanchezi ezarri dioten zigorra. Bere "konpromisoa" eskertu dio. Nabarmendu duenez, Sanchezen parte hartzea "erabakigarria" izan da prozesu subiranistarentzako. "Ez da justizia, mendekua da", gaineratu du, eta Paco Ibañezen A galopar kantaren bideoa eskaini dio.