Manual de resistencia (Erresistentziarako gida) liburua argitaratu zuen Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezek 2019an, Moncloara iritsi bitarteko bideari erreparatuz, eta aitortu behar zaio behin gobernuburu ezarrita ere aginteari eusteko eta bertan irauteko gaitasuna erakutsi duela. Bada denbora oposizioa —politikoa, mediatikoa eta juridikoa— gogor ari dela gobernuburuaren kontra, eta bidelagun behar zituenak ere ez diote bidea erraztu; auzitegietan dira burkide zituenak, eta bazkide posibleetako batzuk aliatu izatetik urrun dira. Ezintasunak agerikoak dira, beraz, eta Extremadurako eta Aragoiko bozen emaitzak horren erakusle dira. Hala, Espainiako Gorteetarako hauteskunde kanpaiak jo nahian ari dira zenbait, gobernabidea ezinezko bihurtu delakoan.
Sanchezen buruko min nagusiak auzitegietatik iritsi dira. Ustelkeria, influentzia trafikoa, erakunde kriminal bateko kide izatea... Guardia Zibilak askotariko delituak egozten dizkie Jose Luis Abalosi eta Santos Cerdani, PSOEko Antolakuntza idazkari izandakoei. Eta hedabideetan duten presentziak kaltea areagotu besterik ez du egiten. Hala nola Cerdan Nafarroako Parlamentuko ikerketa batzordean egongo da bihar, eta arreta hara bideratuko da, Senatuan aho bizarrik gabe hitz egin eta gero.Â
Hori aski ez, eta gobernuburuaren familia ere jomugan dute epaileek, Manos Limpias eskuin muturreko elkarteak egindako salaketak direla medio. Extremadurako Auzitegi Nagusiak David Sanchez gobernuburuaren anaia epaituko du, eta Madrilgo Auzitegiko epaile Juan Carlos Peinado buru-belarri ari da Sanchezen emazte Begoña Gomezen kontrako epaiketa bat egin nahian. Fiskal nagusiaren kontrako zigorra ahaztu gabe.Â
Eta Espainiako hedabideetan indarra galdu badu ere, azken hilabeteetan PSOEko hainbat emakumek ahotsa altxatu dute, eta gizonezko alderdikideen partetik pairatu dituzten jazarpen matxistak salatu dituzte. Paco Salazar izan da seinalatu dutenetako bat. Hura Sanchezen aholkulari izan zen Moncloan, eta PSOEko Antolakuntza Idazkaritzan leku nabarmen bat hartzekoa zen, Cerdanen dimisioaren ostean.
Gehiengorik gabe
Iskanbila horiek guztiak baliagarri izan zaizkie PPri eta Voxi Sanchezen kontrako frontean, begirada horra zuzendu eta dimisioa behin eta berriz eskatzeko, baina baita etxe barruko ezintasunak estaltzen saiatzeko ere: Valentzian izandako uholdearen eta udako suteen kudeaketa, esaterako.
Auzitegietan gertatzen ari denak, baina, aliatuen diskurtsoetan ere eragin du, eta Sanchez babestu duten indarrek ezinegona azaldu dute. Halere, horien kezka nagusia beste bat da, Kongresuan gehiengoak eskuratzeko ezintasuna. Sanchez alderdi horiekin itunak ixten ari da, egoera baretzeko asmoz: EH Bildurekin ezkutu sozialaren luzapena, ERCrekin Kataluniarako finantzaketa eredua, Podemosekin migratzaileen erregularizazioa... Baina bozketetan ezinean dabil. Hala ikusi zen pentsioen igoeraren eta ezkutu sozialaren luzapenaren inguruko eztabaidan. Hura bideratzen ere saiatu da, omnibus dekretua zatitu eta EAJrekin etxegabetzeen inguruko akordio bat eginda, JxC gerturatzeko asmoz. Aliatuen kexak isilarazi beharrean, areagotu egin ditu.
Gorabehera horien guztien emaitzak agerikoak dira. 2025a amaitu aurretik, PSOEk beherakada nabarmena izan zuen Extremadurako Asanblearako bozetan. Orain, berriz, sei puntu egin du behera Aragoin, eta bost parlamentari galdu ditu. Joera bera errepikatu daiteke Gaztela eta Leonen —martxoan— eta Andaluzian ere —ekainean—. Baita Espainiako Gorteetarako bozetan ere? Inkestek ez diote ezer onik opa, baina ikusteko dago Sanchezek gidalibururako beste atal bat idatz ote dezakeen.