AEBak. Presidentetzarako hauteskundeak

'Sandy'-k eragindako etena amaituta, kanpainari heldu diote bi hautagaiek

Nevada, Colorado eta Wisconsin estatu gakoetan izan da presidentea; urakanaren kudeaketa bere mesedetan erabili du hanRomney Floridan eta Virginian izan da; etorkinen botoa erakartzen saiatu da

Samara Velte.
2012ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Nazio mailako hondamendi natural batek hauteskunde kanpainan eskatzen duen denbora justua eman dio Barack Obamak Sandy-ri: hiru egun, ez gehiago.Astelehenaz geroztik, AEBetako presidenteak ofizialki albo batera utzita zeuzkan kanpainako ekitaldi guztiak, herritarren segurtasuna bermatzearen izenean. Lasai itxura eman du, baina galtzeko denborarik ere ez dauka; urrezkoak dira hauteskunde egunerako falta diren lau egunak.

Atzo bertan, lehia oso estu dagoen hiru estatutan egin zituen mitinak Obamak: Wisconsinen, Nevadan eta Coloradon. Kanpainaren ohiko erritmoari heldu dio, eta, gainera, Sandy urakana bere mesedetan erabili du. Green Bayko aireportuan (Wisconsin), hondamendiari behar bezala erantzuteaz harro mintzatu da: «Ekaitzetan, ez gara demokratak edo errepublikanoak; soilik estatubatuarrak gara». Telebistarako iragarki berri bat ere estreinatu du; bertan, errepublikano batek dio AEBek «hartutako bideari» eutsi behar diotela.

Mitt Romney hautagai errepublikanoak, berriz, Virginiara jo du. Bozetan gehiengoa lortzeko Obamak baino larriago behar ditu estatu zalantzatien azken botoak; leku horietan, erabat ari da jartzen indarrak. Alderdi Errepublikanoko ordezkari ezagunenak ondoan dituela emango ditu mitinak; besteak beste, Condoleeza Rice estatu idazkari ohia, John McCain presidentegai izandakoa eta Jeb Bush Floridako gobernadorea. Azken asteotan, ordea, joera nahiko argia duten estatuetan ere biziagotu du kanpaina, esaterako, Pennsylvanian, Michiganen eta Minnesotan. Swing estatuetan irabazteko arazoak ikusten dituelako izan daiteke hori.

Bi hautagaiek argi dituzte helburuak, eta ez dute denborarik galtzen: emakumezko boto-emaileak, zuriak eta independenteak dituzte jomugan. Obamak alde izango du lehen kolektiboa, batez ere goi mailako hezkuntza dutenak; Romneyk, prestakuntza maila gutxiagoko zuriak. Independenteen kasuan, Sandy-k eragin dezake zerbait.

Etorkinek, oro har, demokraten alde egiten dute, baina Romneyk ere badaki non dauden bereak. Atzo, Miamin (Florida), Latinoamerikarekiko negozioak ugaritzeko promesa egin zuen. Kubako etorkin kontserbadoreak eta Fidel Castroren aurkakoak dira Miamiko gehienak.

Demokraten argi-ilunak

Kanpainaren tonua ere aldatu da Sandy-z geroztik; ekonomiak erabateko lehentasuna galdu du, eta horrek zirrikituak ireki dizkio Obamari. Gaur emango dituzte langabeziaren datuak; berriz jaistea haren aldekoa litzateke.

Dena den, egun hauetan argitara atera daitekeen edozein datuk honda diezaioke kanpaina. Amnesty Internationalek, esaterako, gogora ekarri du Obamak «zintzilik» dituen auzietako bat dela Guantanamo; Rob Freer ekintzaileak esan duenez, «oinarrizko eskubideak ukatu» zaizkien 150 preso daude oraindik han. Presondegia urtebetean ixteko promesekin heldu zen Obama presidentetzara 2008an, eta kargua hartu osteko lehen egunean sinatu zuen horretarako agindua. Bete gabe jarraitzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.