Ezbeharra

Sanjoanetako jaira zihoazela trenak harrapatuta hamahiru lagun hil dira Katalunian

Bartzelonako Castelldefels herrian gertatu da istripu handia. Lurpeko pasabidetik ordez trenbide gainetik abiatu da nasara 30 bat laguneko talde bat, eta Alacantetik zetorren ibilbide luzeko trenak aurrean hartuta eraman ditu. Hamahiru hildakoez gain, beste 14 lagun zauritu dira. Hiru hil edo biziko egoeran daude.

2010eko ekainaren 24a
22:37
Entzun
Ezbehar handia gertatu da bart Castelldefelsen: ohitura den bezala San Joan bezpera hondartzan ospatzera zihoazen hamahiru lagun hil dira trenak harrapatuta bart gauean, hamaika eta erdiak inguruan. Castelldefelsko geltokira trenean iritsi, eta nasara joateko lurpeko pasabidea hartu ordez trenbide gainetik igarotzea erabaki dute 30 bat lagunek. Une horretanAlacantetik (Herrialde Katalanak) eta Bartzelonara zihoan ibilbide luzeko trena iritsi da, eta aurrean eraman ditu trenbide gainetik pasatzen ari zirenak. Haietatik hamabi hil egin dira eta 14 zaurituta daude (hiru hil edo biziko egoeran). Ibilbide luzeko trena izanik, abiadura handian zihoan, eta lekukoen arabera, harrapaketa izugarria izan da.

Lurpeko pasabidea baliatu ordez trenbide gainetik igarotzea zergatik erabaki duten eztabaidagai gertatu da. Hasiera batean, trenbide gainetik igaro arren onik atera diren zenbait lagunek ziurtatu dute pasabidea itxita zegoelako abiatu direla trenbidetik. Agintariek, ordea, guztiz ukatu dute hori. Castelldefelsko alkateak, Generalitatateko Barne kontseilariak eta Renfeko arduradunek ziurtatu dute irekita zegoela. Beste hipotesi bat da, jendearen emanagatik pilaketa zegoela lurpekoan, eta itxaroten geratu ordez trenbide gainetik zeharkatzea erabaki dutela. Beste zenbait lekukok, zuhurtzigabekeria erabatekotzat jo dute gertatutakoa, eta lurpeko pasabidea zein trenbide gaineko zubia egon arren, jendeak askotan zuzenean zeharkatzen duela agertu dute.

Hildako gehienak gazteak dira; 45 urteko emakume batek izan ezik, 16 eta 26 urte artean zituzten besteek. San Joan bezperan festa handiak egiteko ohitura dago Katalunian, hondartzetan. Suapiztu eta musika eta dantzaldiak egiten dituzte. Castelldefelsko hondartzan halako jai batean parte hartzera zihoazen trenak harrapatuta gehienak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.