Santi Vila kalean da, 50.000 euroko bermea ordainduta

Generalitateko Enpresa kontseilari ohiak aukera izan du bermea ordainduta espetxetik ateratzeko, Generalitateko kontseilari kartzelatuek ez bezala. Vilak dimisioa aurkeztu zuen Kataluniako Parlamentuak independentzia deklaratu aurretik. Lamela epailearen ustez, ez dago leporatzen zaizkion delituak berriz egingo dituen arriskurik.

Santi Vila Generalitateko Enpresa kontseilari ohia, gaur, espetxetik irteten, Madrilen. VICTOR LERENA, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2017ko azaroaren 3a
15:19
Entzun

Santi Vilaren egoera bestelakoa izan da Lamela epaileak espetxera bidali dituen Generalitateko zortzi kontseilarienaren aldean, espetxeratu dutenerako ez baitzen Generalitateko kidea. Kataluniako Gobernuko kide ohiak beste abokatu bat eta beste estrategia juridiko bat baliatu ditu bere burua defendatzeko, eta, 50.000 euroko bermea ordainduta, kalera irten da gaur.

Espetxetik ateratzean, hunkituta hitz egin die atarian zain zituen hedabideei. "Eskatu nahi diet Espainiako alderdi politikoei egoera lazgarri hau amaitu dezatela", adierazi du. Espainiako Gobernuari ere mintzatu zaio. Mariano Rajoy Espainiako presidenteari galdegin dio Kataluniako gizartearen eskaria aintzat har dezan eta erantzun diezaion politikarekin, bide judiziala baztertuta. Generalitateko kontseilariak espetxera bidaltzeko erabakia "neurrigabea" dela salatu du Vilak. "Munduko demokratek ez dute ulertzen", gaineratu du.

Vilari matxinada, sedizioa eta diru publikoaren erabilera okerra leporatzen dizkio epaileak. Espetxetik irten arren, behin-behineko neurriak aplikatuko zaizkio, eta ezin izango da estatutik irten, pasaportea baliogabetua izango du, eta hamabostean behin agertu beharko du etxetik hurbilen duen epaitegira.

Vilak bere burua aurkeztu du PDECateko zerrendaburu izateko abenduaren 21eko hauteskundeetan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.