Iraultzak, definizioz, ustekabeko fenomenoak dira, eta, sarritan, aldaketetara isuriak ez diren lekuetan gertatzen dira. Leku horietatik guztietatik, gutxi izango dira hau bezain ustekabekoak: Beiruteko kanpoaldeko Xatila errefuxiatu palestinarren esparru iluna. Ustekabekoa, batez ere, iraultza feminista nabarmen bat izan zelako 2012an; urte hartan, emakumezkoen saskibaloi talde bat sortu zuten, Libano osoko lehena: Palestina Youth Club. Orain, kluba handitu egin da, eta kirol eta gizarte zentro bihurtu da Xatilako haur guztientzat.
Majdi Majzub da proiektuaren garuna eta giharra, 53 urteko gizarte aktibista eta fatxada margotzaile erretiratu bat. Palestine Youth Club sortzera bultzatu zuen arrazoi nagusia zera izan zen, bere alaba Razan eta beste neskatila asko ez erortzea kanpalekua astintzen duen gaitzik okerrenetako baten atzaparretan. «Saskibaloiaren bidez, haiek umetan ezkonaraztea eragotzi nahi nuen. Haien pentsaera irekitzeko modu bat zen, bizitzako aukerak zabaltzeko modu bat, gaztetxo direla ezkontzeko proposamenen bat jasotzen badute uko egin diezaioten», azaldu du Majzubek, orain berak daraman kafetegi txikian eserita.
Aliades (Aliatuak; Arallibres, 2023) liburuan kontatzen da proiektu horren historia zoragarria. TV3ko berriemaile Txell Feixas da liburuaren egilea; urte asko eman zituen Beiruten, eta ordu mordoa Xatilan. «Albistearen berri izan nuen, eta taldea ezagutzera joan nintzen. Gauza batek liluratu ninduen zeharo: aita batek alaba babesteko egindako ahalegina hain gauza indartsua bilakatu izanak, iraultza feminista bat», azaldu du Feixasek.
«Bizitzako aukerak zabaltzeko modu bat da [saskibaloia], gaztetxo direla ezkontzeko proposamenen bat jasotzen badute uko egin diezaioten»
MAJDI MAJZUBÂ Palestina Youth Club-en sortzailea
Hamar urte geroago, Majzubek zalantzarik gabe dio proiektua «arrakastatsua» izan dela. «Taldeko neskek ihes egin diote umetan ezkontzeari. Badakite senarrak debekatu egingo diela jokatzea, eta, beraz, uko egiten diete proposamenei», baieztatu du entrenatzaileak. Bitxia bada ere, urte hauetan porrot bakarra izan du, baina izan zitekeenik eta mingarriena: Razan alaba maitemindu egin zen nerabea zela, taldea utzi zuen, eta ezkondu egin zen. Errementariaren etxean zotza burruntzi. Aitak ohartarazi bezala, ezkontzak ez zuen arrakastarik izan, baina ume bat eman zion: Nabil, 8 urteko mutiko ernea. «Xatilan bizitzea oso zaila da, eta are zailagoa emakume dibortziatuontzat. Baina Nabilen etorkizuna da nire kezka nagusia. Inguru hau beldurgarria da; droga oso arazo larria bihurtu da. Irtenbide bat aurkitu beharra daukat», aitortu du Razan gazteak —orain kosmetika zentro batean egiten du lan—.
Leku basatia da Xatila, eta droga trafikoa da orain hango azken izurria. «Lehen aldiz Xatilan sartu nintzenean, zera pentsatu nuen: hau da munduko lekurik okerrena; hemen heriotza besterik ez dago, hemen ezin da bizi. Paisaia fisikoa bortitza da: aire zabaleko kartzela bat da, labirinto itxurako kalezuloz josia, favela bertikal baten antzekoa; osasungaitza da, ez dute argirik, ez dute urik egunaren zatirik handienean...», gogoratu du Feixasek. Xatilak kilometro karratu bat baino ez du, eta gogoangarria da han gertatu zelako Palestinako gatazka gordineko sarraskirik larrienetako bat. 1982an, Israelgo armadak esparrua inguratu zuen, eta eskuin muturreko milizia kristauei bide eman zien 3.000 palestinar baino gehiago bortizki hiltzeko, gehienak emakumeak, adinekoak eta haurrak.

Azken hamar urteetan, kluba handitu egin da, eta gaur egun era guztietako kultur eta kirol jarduerak eskaintzen dizkiete Xatilako haurrei eta gaztetxoei. Saskibaloi eskola ez ezik, futboleko eta boxeoko eskola ere bada orain, eta, gainera, askotariko arte diziplinetako formakuntzak egiten dituzte, eskolan laguntzeko klaseak eman, eta filmak erakutsi. «Elkarte independente bat gara, eta hainbat zerbitzu ematen dizkiogu komunitateari, doan. Libanoko estatuak ez digu ez laguntzarik ez zerbitzurik ematen palestinarroi. Nazioarteko laguntzari esker irauten dugu. Esker ona eman nahi diegu Palestinako gatazka babesten duten herri guztiei, hala nola Euskal Herriari, haiek ere sufrimenduz betetako historia baitute», baieztatu du Majzubek klubaren egoitzan, bere eraikinaren azken solairuan atondu duen gela xumean.
«Belodun emakumerik izan ezean, iraultzetako asko ez ziren gertatuko... Gauzak aldatu egiten dira, eta baikorra naiz»
TXELL FEIXAS'Aliades' liburuaren egilea
Haurren ezkontzari aurre egitea ez ezik, Palestinako auziaren berri ematea ere beti izan da Palestina Youth Club taldearen helburuetako bat. «Palestinar guztiok izan behar dugu Palestinako gatazkaren enbaxadore. Eta horixe egiten dugu gure bidaia guztietan», azaldu du Joventut de Badalonako elastiko bat erakusten duen bitartean; Kataluniako klubak oparitu zion, Palestinako armarri eta guzti. Funtzio horrek badu barne dimentsio bat ere: Palestinako neskak ez ezik, Libanokoak eta Siriakoak ere aritzen dira saskibaloi taldean, eta guztiek konpromiso handia dute Gazako herriaren aldeko elkartasunean. Hain zuzen ere, askotariko harremanen bidez, klubak laguntza funtsak bidaltzen ditu Gazako zerrendara.
«Klubak aukera eman dit bestela egin ezingo nituzkeen gauzak egiteko. Adibidez, atzerrira joateko»
 AMENAPalestina Youth Club-eko jokalaria
«Klubak aukera eman dit bestela egin ezingo nituzkeen gauzak egiteko. Adibidez, atzerrira joateko. Dagoeneko bost bidaia egin ditugu: Espainiara, Irlandara, Italiara... Horri esker, nire familiako kide batzuekin elkartzeko aukera izan nuen, Belgikan bizi baitira errefuxiatu gisa. Oso hunkigarria izan zen», kontatu du Amenak partida baten ondoren; hura da klubean izena eman zuen aurrenetakoa eta taldeko jokalaririk trebeenetakoa. Orain 23 urte ditu, eta Beiruteko emakumezkoen beste klub bateko entrenatzailea da. «Umetan, saskibaloiak identitatea ere eman zidan; izan ere, ‘saskibaloiko jokalaria’ deitzen zidaten Xatilan», oroitu du, harro.
«Azken hamarkadan, emakumeen egoera aldatu egin da, eta guk bidea irekitzen laguntzen dugu. Hasieran, jende asko zegoen aurka, baina orain inork ez du zalantzan jartzen neskek ere badutela eskubidea kirola egiteko eta saskibaloian jokatzeko», baieztatu du Majzubek. Jokalari batzuek, hala nola Salhak, beloa jantzita jokatzen dute; Amenak eta beste batzuek, berriz, ez. Norberaren edo familiaren hautua izaten da. «Belodun emakumerik izan ezean, iraultzetako asko ez ziren gertatuko... Gauzak aldatu egiten dira, eta baikorra naiz. Batzuetan urrats batzuk egiten dira atzera, baina gero aurrera egiten da berriz», adierazi du Feixasek. Eta hori baieztatzeko, ez dago haren aliatu taldea baino erakusgarri hoberik.