Mugikortasuna

Schengen eremua, krisi betean

25 urte bete dira Europako Batasuneko herritarren ibili askea bermatzeko tresna indarrean sartu zenetik. 2015eko errefuxiatuen auziak eta koronabirusak zalantzan jarri dituzte itunaren oinarriak.

Alemaniaren eta Frantziaren arteko mugan kontrol bat, iragan astean. RONALD WITTEK / EFE
ander perez zala
2020ko martxoaren 26a
12:19
Entzun

Euroarekin batera, EB Europako Batasunaren proiekturik garrantzitsuena bilakatu da Schengen eremua, eta 25 urte bete ditu gaur, baina proiektu horren oinarriak inoiz baino hauskorrago daude azken hamarkadako gertakariengatik. Duela bost urteko errefuxiatuen auziak jarri zuen lehen aldiz kolokan itun hori, milioika migratzaile Europara sartu baitziren Mediterraneotik eta Balkanetako bidea erabilita. Orain, koronabirusaren mehatxuak eraginda, estatu kide askok lurreko barne mugak ixtea erabaki dute.

Errefuxiatuen auzian zein birusari buruzkoan, herrialdeek beren kanpo mugak ixtea erabaki dute elkarren artean ados jarri beharrean. Lehenaren kasuan, batez ere ekialdekoek hartu zuten erabaki hori; baina asteotakoaren kasuan, estatu kide gehienek hartu dute erabaki hori, besteak beste, hegoaldekoek eta iparraldekoek.

Bruselak ez du erabat begi onez ikusi gertaturikoa, lankidetza eta adostasun falta islatzen duelakoan; eta, horrekin batera, pertsonen mugimendu askearen aurka doalakoan. Horrek, gainera, zalantza bat sortu du: joera behin-behinekoa da, ala krisiei eta erronkei aurre egiteko moduak kolektiboa izateari utziko dio?

Mugen itxieraz, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak estatu kideei ohartarazi zien erabaki hori hartzea ez zela egokia birusari aurre egiteko, eta duela bost urte ere Jean-Claude Junckerrek ideia bera helarazi zien migrazioaren auziagatik muga itxi zutenei.

Aurten, oraingoz, Alemaniak, Portugalek, Espainiak, Danimarkak, Txekiak, Poloniak eta Hungariak itxi dituzte mugak koronabirusari aurre egiteko. 2015eko errefuxiatuen auziaren kasuan, garai hartan Mazedonia deitzen zena, Eslovenia, Kroazia, Hungaria eta Serbia izan ziren erabaki hori hartu zutenak, eta, hain justu, duela bost urte gertaturikoa Schengen eremuarentzako lehen erronka handia bilakatu zen.

Berez, errefuxiatuen auziak agerian utzi zuen kanpo migrazioa zela Schengengo Ituna hauts zezakeen arrazoi nagusia, batez ere estatu kideak ados jartzen ez zirelako erantzun bateratu bat emateko. Baina, azkenean, koronabirusak eragin du EBko herrialderik indartsuenek mugak ixteko erabakia hartu izana; mugak irekitzeko erabakia hartu zuten arren, ez dute horiek ixteko subiranotasunari uko egiteko asmorik izan. 2011n bertan, estatu kideek ez zuten onartu mugak ixteko eskumena Europako Batzordearen esku uztea.

2015eko auzia Turkiarekin akordio bat eginda konpondu zuela uste zuen EBk, baina Recep Tayyip Erdogan herrialde horretako presidenteak beste itun  bat nahi du, eta jakinarazi du Europarako atea irekiko diela Turkian dituen errefuxiatu guztiei —hiru milioi inguru— beste itun bat egitea lortzen ez badu. Hori gertatuko balitz, talde komunitarioak berriz jasan beharko luke duela bost urte gertaturikoa, eta, orduan baino hobeto kudeatu ezean, Schengen eremuak aurre egin beharko lioke beste krisi existentzial bati.

Luxenburgoko herria

Schengengo Itunak Luxenburgoko Schengen herriaren izena du, han sinatu baitzuten Frantziak, Alemaniako Errepublika Federalak, Belgikak, Herbehereek eta Luxenburgok barne mugak kentzeko akordioa, 1985eko ekainaren 14an.

Ordea, tresna hori handik hamar urtera sartu zen indarrean, 1995eko martxoaren 26an; epe horretan, Portugalek eta Espainiak eremuaren parte izatea erabaki zuten, eta, geroago, baita Austriak eta Italiak ere. Gaur egun, 26 herrialde daude Schengen eremuan, eta horietako herritarrek urtero 1.300 milioi aldiz gurutzatzen dituzte barne mugak.

Norvegia, Suitza, Liechtenstein eta Islandia, nahiz eta ez diren EBko estatu, Schengengo Itunaren sinatzaileak dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.