Segurtasun Kontseilua hedatzeko aukera aztertzen ari da NBE

Datorren otsailean erakundeko kide diren gobernuen arteko negoziazioak hasiko dituzte

Erredakzioa
2008ko irailaren 17a
00:00
Entzun
NBE Nazio Batuen Erakundeko 63. batzar nagusiari hasiera eman zioten atzo. Aurrekoan NBEko Segurtasun Kontseilua zabaltzeko negoziazioei beste bultzada bat emateko konpromisoa hartu zuten. Esandakoa betetzeko asmoz hasi zuten, hortaz, atzo biltzarra. Horretarako, NBEngaur egun ordezkatuta dauden 192 estatuetako gobernuen arteko elkarrizketak hasiko dituzte 2009ko otsailaren 28an. Gogoeta talde batek aurrez prestatuko dituen bost ataletan oinarrituko dira negoziazio horiek.

Gaur egun hamabost herrialdek dute ordezkaritza NBEko Segurtasun Kontseiluan. Horietatik bost -AEB Ameriketako Estatu Batuak, Erresuma Batua, Errusia, Frantzia eta Txina-kide iraunkorrak dira, Bigarren Mundu Gerran garaile atera baitziren. Segurtasun Kontseiluan hartzen diren erabakien gaineko beto eskubidea dute, gainera, bost herrialde horiek. Gaineratiko hamarrak, berriz, txandaka aldatzen dira.

Osakera horrek ez duela NBEren egitura erabakitzailean benetako demokraziarik bermatzen salatu izan dute behin eta berriro. Zenbait herrialdek, hala, Segurtasun Kontseiluko partaide egonkor izateko eskaria egin dute. Alemania eta Japonia dira adibide.

Negoziazioak bost ataletan

Datorren urteko otsailean beranduenez hastekoak diren gobernuen arteko negoziazioek «borondate onekoak, irekiak, osoak eta gardenak» izan behar dutela erabaki zuten NBEko 62. biltzar nagusian. Anartean, NBEren eta bereziki Segurtasun Kontseiluaren ibilerak demokratikoago egiteko aldarrikapena ez da gaurkoa. Gai hori aztertzeko asmoz, gogoeta talde bat eratu zuten 1993. urtean. Talde horrek hainbat proposamen agertu beharko ditu urte honen amaierarako.

Bost aldaketa bide proposatuko dizkiete zehazki NBEko kideei eztabaidatu ditzaten: partaide iraunkor eta ez-iraunkorrak; beto eskubidea;munduko eskualdeen ordezkaritza; Segurtasun Kontseilua zabaltzea, eta Batzar Nagusiarekiko harremanak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.