inguruMENA

Segurtasun neurri gogorrak, debekuak eta eragozpenak izan dituzte Lopez Uralderen senideek kartzelako bisitan

Emazteak eta anaiak gaur egin diote lehen bisita Greenpeaceko presoari, Danimarkan. Abenduaren 17an atzeman zuten Kopenhagen, klima aldaketari buruzko biltzarrean. Etzi saioa izango da Danimarkako hiriburuko auzitegian, epaileak erabakia hartzeko.

2010eko urtarrilaren 5a
14:22
Entzun
Segurtasun neurri gogorrekin, atxiloketa eta kartzelatzea eragin zuten gaiez hitz egiteko debekuarekin, itzultzailearekin eta honek eragindako etenekin...; halakoa izan da gaur Vestre Faengsel espetxean (Danimarka) Juan Lopez Uralde euskal herritar eta Espainiako Greenpeace erakunde ekologistako zuzendariaren senideek harekin egin duten bisita, Greenpeaceko iturrien arabera.

Koro Castellano emazteak eta Iñigo anaiak egin diote bisita. Horixe izan da ekintzailea kartzelan dutenetik familiaren aurreneko bisita, orain arte Danimarkako espetxe arduradunek ukatu egin diotelako aukera, gaur arte atxiloaldi inkomunikatuan izan baitute.

Lopez Uralde abenduaren 17tik daukate preso, Kopenhageko klima aldaketari buruzko biltzarreko afarian "modu ilegalean" sartu izana egotzita. Familiak Greenpeaceri jakinarazi dionez, ekologista ondo dago, baina atxiloaldia gogorra izaten ari dela salatu du, eta tratua ez dela "duina". Argalduta ikusi dute, eta dirua eman diote -arropa ere bai-, kartzelako saltokian erosketak egin ditzan.

Greenpeaceko lau kide daude preso

Nora Christiansen eta Christian Schmutz Greenpeaceko kideekin batera atzeman zuten Lopez Uralde, abenduaren 17an. Joris Thijssen bi egun beranduago atxilotu zuten, eta laurak dauzkate atxiloaldi inkomunikatuan hasieratik. Gutxienez ostegunera arte egongo dira kartzelan; orduan Danimarkako hiriburuko auzitegian saioa izango da, epaileak zer egin erabakitzeko. Greenpeacek ohartarazi du ezin dela segurutzat jo libre aterako direla.

Kumi Naidoo Greenpeaceko zuzendari nagusiak egoera salatu du, eta Danimarkak giza eskubideak urratu dituen aztertzen ari direla jakinarazi du. "Giza eskubideen aurkako atentatua da kartzelatzea, gehiegizkoa". Hark ziurtatu duenez, erakunde ekologistak ekintza "baketsuak" egiten segituko du, "klima aldaketa dela-eta urtero 300.000 lagun hiltzen direlako".

Lopez Uralde-eta pankarta batekin sartu ziren aretoan, biltzarraren "porrota" politikariei leporatuz. Hain zuzen, munduko ehunen bat estatu eta gobernuburu afaltzen ari ziren gelaraino sartu ziren, segurtasun neurriak gaindituta. Besteak beste, Danimarkako Gobernuko eta errege familiako kideak, Angela Merkel Alemaniako kantzillerra, Gordon Brown Erresuma Batuko lehen ministroa, Lula da Silva Brasilgo presidentea, Hugo Chavez Venezuelakoa, Nicolas Sarkozy Frantziakoa eta Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiakoa zeuden afaltzen.

Espainiako Estatuko Greenpeacek 50.000 sinadura pasatxo aurkeztu zituen lehengo astean Madrilen, Danimarkaren enbaxadan, lau haiek askatzeko eskatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.