AEBek eta hainbat estatu arabiarrek presioa egin ostean ireki du berriro Israelgo Poliziak Jerusalemgo (Palestina) Meskiten Zelairako sarbidea. 4.000 musulman baino gehiago sartu dira ostiraleko errezoak egitera, Poliziaren kontrolak igaro ostean; beste askok, baina, kalean egin dute otoitz, Meskiten Zelaia ixten duten hesien atzean.
Segurtasun neurri zorrotzak ezarri dituzte: 1.000 poliziaz inguratu dute meskita eta istiluen aurkako unitateak eraman dituzte. Jerusalemgo kaleak, lasai baina tentsioz beteta daude. Bart gauean bezala, gaur ere liskar txikiak izan direla jakinarazi du Israelgo Poliziak. Horien artean, polizia lerro baten aurka botatako petardoak. Gaurko Haserrearen Eguna iragarri du Al-Fatah mugimenduak, gunearen itxieraren aurka protesta egiteko.
Asteazken gauean itxi zuen Israelek islameko hirugarren leku sakratuena den eremurako sarbidea, tiroketa bat izan ostean. Palestinar batek —Muatnaz Hijazi preso ohia, hainbat hedabideren arabera— Yehuda Glick kolono ortodoxoa tirokatu zuen. Meskiten Zelaia juduentzako irekitzearen aldeko muturreko aktibista ezaguna da Glick; larri zaurituta dago. Israelgo segurtasun indarrek atzo goizaldean tirokatu eta hil zuten Hijazi, Jerusalem Ekialdean teilatuetatik ihes egin nahian zebilela.