Marokotik Espainiak okupatutako Melilla hirira igarotzeko muga hesi garai batek ixten du, baina, hala ere, azken egunotan bezala, bart gaudean 1.500 etorkin afrikarrek egin dute hura gainditzeko saioa Espainiako polizia iturrien arabera. Gaurko ahaleginean, ordea, inork ez duela helburua lortu azpimarratu dute, hain justu, eurek eta Marokoko segurtasun indarrek galarazi dietelako.
Arratsaldean jakin da saioa egin dutenetako sei hil direla, eta Marokoko Barne Ministerioak onartu du bere menpeko indarrek tirokatuta zendu direla batzuk. Mugako polizien aurka "inoiz baino bortitzago" ekin diotela argudiatu dute hilketak justifikatzeko.
Atzo, Afrikatik Espainian barrena Europara iritsi nahi duten etorkinen kontrak neurriak gogortuko dituela iragarri zuen Madrilgo Gobernuak. Zehazki, 1992an Marokorekin hitzartutako akordioa aplikatzen hasiko direla: funtsean, berehala Marokora itzularaziko dituzte hesia gainditzen duten etorkinak, nahiz eta ez marokoarrak izan eta Espainiak beren jatorrizko herrialdeekin ez estradizio hitzarmenik eduki. Egun Ceutan eta Melillan dauden paperik gabeko etorkinekin neurri hori gaur bertan aplikatzen hasiko zirela iragarri zuen Maria Teresa Fernandez de la Vega Espainiako Gobernuko presidenteordeak.
Marokora itzularazita egoera zehazgabean geratuko dira etorkin horiek guztiak.
Immigrazioa
Sei etorkin hil dira Melillara sartzeko saioan, haietako zenbait tirokatuta
Marokotik barrena Melilla Espainiako koloniara sartzeko ahalegina egiten ari zirela sei etorkin hil dira bart, Marokoko Barne Ministerioak jakinarazi duenez. Haietako batzuk bala tiroak dituztela agertu dute iturri horiek, eta beste batzuk jendetzak zanpatuta hil direla; zehaztasun handiagorik ez dute eman. Horrenbestez, 14 dira irailaren 28az geroztik Melilla eta Ceutako mugetan hil diren etorkinak. Espainiako polizia iturrien arabera, bart 1.500 etorkinek egin dute Maroko eta Espainiak okupatutako hiriaren arteko muga ixten duen hesi handia gainditzeko saioa. Beren zein Marokoko segurtasun indarrei esker bakar batek ez duela lortu azpimarratu dute goizean Espainiako polizia iturriek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu