Liverpool eta Nottingham Foresten arteko partidan, 1989an, jende pilaketa handia izan zen Liverpooleko zaleak zeuden gune batean. Hesiaren kontra jendeak zapalduta haietako 96 lagun hil ziren.
Fiskaltzak gaur jakinarazi du tragedia harengatik sei lagun inputatu dituela, haien artean poliziak. "Delitu kriminalak egotzita sei lagun inputatzeko nahiko arrazoi badagoela uste dut", esan du Sue Hemming fiskalak. Poliziaburuak, estadioko segurtasun arduraduna eta haien defentsan aritutako abokatua dira gainerako auzipetuak. Justiziaren bidea oztopatzea egozten diete. Abuztuaren 9an deklaratuko dute tribunalaren aurrean.
David Duckenfield tragediaren egunean poliziaren ardura zuen poliziaburua dago inputatuen artean. Axolagabekeriaz jokatu eta 95 lagun hiltzea egozten diote. 96. pertsona bost urte geroago hil zenez, ez diote hura hiltzea egozten, garai hartako legeei jarraituz.
Hasiera batean mozkortutako zaleei egotzi zieten tragediaren ardura, baina horrek ez zituen biktimak bete. "Justizia" eskatu dute 28 urtean.