Seismotik bizirik ateratakoak aurkitzeko atzerako kontaketa

Marokoko lurrikaran hildakoak 2.860tik gora dira, eta zaurituak, 2.560 inguru. Nazioarteko laguntza heltzen hasi da; EBk, adibidez, milioi bat euro eman du. Erregearen kontrako kritikak ugaritzen ari dira

Gizonezko bat lurrikarak eragindako hondakin artean. MARÍA TRASPADERNE / EFE.
Arantxa Elizegi Egilegor - Ander Perez Zala
2023ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Milaka lagunek hirugarrenez jarraian eman behar izan dute gaua kalean, ostiral iluntzean Marrakex hego-mendebaldea (Maroko) astindu zuen 6,9 graduko lurrikararen ostean. Lerro hauek idazterako Barne Ministerioak zabaldutako datuen arabera, gutxienez 2.862 dira hildakoak, eta 2.562 zaurituak. Baina erreskate taldeek biktimen bila zebiltzan artean ere atzo, eta ziurtzat jo zuten datozen orduetan handitu egingo dela biktimen kopurua. Izan ere, errepide asko itxita daude, eta herrixka askotara ez da laguntzarik heldu. Rabatek nabarmendu du desagertuak aurkitzea dutela orain lehentasuna.

Gobernuak, herenegun egindako larrialdi bilera baten ondoren, armada mobilizatu du Atlas mendietan bizi diren komunitateetara laguntza bidaltzeko. Inguru haietan, bizilagunak eurak aritu dira gorpuak ateratzeko lanetan, eta, Al-Jazeera telebista kateak atzo zabaldu zuenez, hobi komunak zabaldu dituzte hilotzak lurperatzeko.

Bien bitartean, nazioarteko laguntza heltzen hasia zen herrialdera; Frantziak herenegun jakinarazi zuenez, bost milioi euro emango dizkio Marokori, eta Txinako Gurutze Gorriak 186.400 euroko laguntza iragarri zuen. Eta, atzo, Europako Batasunak esan zuen milioi bat euro eman dizkiela gobernuz kanpoko erakundeei laguntza humanitariorako; gainera, Copernicus programako sateliteak erabiltzeko aukera ere eman dio Rabati. Horrekin batera, gobernuak Espainiako armadari eskatu dio koordina dezala nazioartetik datorren laguntza.

Horrez gain, erreskate lanetarako boluntarioak ere heltzen hasiak ziren atzo; besteak beste, Erresuma Batutik, Espainiatik eta Qatartik. Bitartean, baina, Marokoko herritarrak ari dira biktimei laguntzen. Jada antolatua dute odola biltzeko egitasmo bat, eta, gobernuko iturrien arabera, 6.000 litro inguru bildu dituzte. Rabatetik ere milatik gora mediku eta erizain heldu dira Marrakexera.

Erregearen aurkako kritikak ere ozentzen hasiak dira herrialdean. Joan den larunbatean heldu zen Mohamed VI.a Rabatera —Parisen zegoen iragan irailaren 1etik, han etxe bat baitu—, baina, lerro hauek idazterako, oraindik ez zen joan eremu kaltetua ikustera, eta horrek haserrea eragin du.

Gertatu baino minutu gutxi lehenago iragarri zuen lurrikara Marokoko Geofisika Institutuak. Baina, ordu horretan, etxean edo jatetxeetan afaltzen zeuden herritar andana. Larunbatean jakinarazi zuenez, lurrikara gertatu ondoren ehunka erreplika izan ziren, baina ez ziren izan lehendabizikoa bezain handiak. Espainiako institutuak, berriz, Marokon izan zen 4,8 graduko lurrikara baten berri eman zuen. Horrek Berretxid izan zuen erdigune, eta Espainia hegoaldean ere sumatu zen.

Bi plakaren arteko talka

Afrika mendebaldeko inguru horretan bi plaka tektonikok jotzen dute elkar, Afrikakoak eta Eurasiakoak, eta ohikoak izaten dira mugimenduak. Hildakoen eta zauritutakoen kontaketa oraindik amaitu ez bada ere, jada jakina da azken hamarkadetan Marokon izan den lurrikararik latzena izan dela.

Beste kasu batzuk izan dira hamarkadotan. Duela 60 urte pasatxo, 1960ko otsailaren 29an, 5,7 graduko lurrikara batek Agadir hiria suntsitu zuen, eta 15.000 pertsona hil zituen. 2004ko otsailaren 24an, berriz, Al-Hoceiman 6,4ko lurrikara batean 628 lagun hil ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.