Sektore gehiago inbertsio pribatuari ireki nahi dizkiete, atzerriko kubatarren kapitalak hobeki erakarri, eta estatuaren neurria ttipitu: erreforma ekonomiko zabal baten alde egin du, bada, Kubako Asanblea Nazionalak. Krisi ekonomiko betean, aho batez bozkatu zuten atzo laurehun diputatuek. Denera, 176 proposamen jasotzen ditu erreformak, ekonomia liberalizatu eta deszentralizatze aldera. «Egindako hutsak konpontzeko transformazioak dira, sozialismoaren defendatzeko, betiere», adierazi du Miguel Diaz-Canel Kubako presidenteak.
Jasotzen dituen neurri nagusien artean daude elikadura «segurtasun nazionaleko auzi» izendatzea, hutsik dauden lur eremuak jakiak ekoiztera bideratzeko: «Egun hutsik dauden lurrak nekazaritzarako baliatu beharko dira, edo horretan aritzeko norbaiten esku utzi», azaldu du Miguel Diaz Canel presidenteak. Energia menpekotasuna ere arindu nahi du Habanak, eta horretarako energia berriztagarriak bultzatuko dituela iragarri du. Helburu horrekin, «erraztu» egingo die sarbidea eguzki panelak eta bateriak ekoizten edota alor horretan inbertsioak egin nahi dituzten enpresei.
Atzo bozkatutako erreformarekin, berriz, ehun langile baino gehiagoko enpresa pribatuak ere onartuko dira, eta, estatuko enpresak direnak «akziozko edo parte hartzezko» komertzio-sozietate bilakatzen ahalko dira. Gainera, atzerriko kapital handien sektore publikoan parte hartzen ahalko dute, eta partikularrek kontuak irekitzen ahalko dituzte dibisetan. Horrela, inbertsio pribatuei ireki dizkiete laborantza, turismoa eta banku sektorea, adibidez; berdin dio inbestitzailea Kubakoa izan edo atzerrikoa.
Manuel Marrero Lehen ministroak adierazi du lantalde bat sortuko dutela erreformen ondorioak eta ikuspegi juridikoa zaintzeaz arduratuko dena, baina ez da jakinarazi egitaraurik erreformak noiz indarrean sartuko diren zehazteko.
Diaz-Canel presidenteak joan den astean eman zuen erreformaren berri, zehaztapen handirik gabe, halere. Eta asteazkenean egin zuten Kubako Alderdi Komunistaren Batzorde Eragileko Osoko Bilkura, kasik urgentziaz, erreforma proposamenak aztertu eta behin-behinean onartzeko, Washington gibeletik zutela. Hala, atzo bozkatu zuten diputatuek, erreformaren alde.
Raul Castro presidente ohiak ere babesa ekarri dio erreformari, «gaur egun iraultzari hobekien egokitzen zaiona» delakoan, testuinguru ekonomikoa kontuan harturik. Izan ere, uharte komunista izugarrizko krisiari aurre egiten ari zaio azkenaldian. Donal Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak presioa ezartzen die, eta bost hilabete dira AEBek ezarritako petrolioren blokeoa pairatzen ari dela Kuba: itzalaldi orokortuak izan dira, baita gabeziak ere janariaren, erregaien, edateko uraren eta erremedioen arloetan. Trumpek, gainera, uhartea militarki inbaditu eta okupatzeko mehatxua zabaldu du behin baino gehiagotan.
Fidel Castroren 1959ko iraultzaren ondotik, enpresa pribatu handiak —hala Kubakoak nola atzerrikoak— nazionalizatuak izan ziren, baita komertzio ttipiak eta familia enpresak ere. Urteetan, behin baino gehiagotan zalantzan jarri izan da eredu ekonomiko sozialista, 2021ean aldaketa nabarmen bat onartu zen arte: krisiari eta gizartearen kexuari erantzun nahian, ehun langileraino enplegatzen ahal zituzten enpresa ttipi eta ertainak onartuak izan ziren. Gaur egun, 10.000 baino gehiago dira, eta kubatarren heren bat dago enpresa horietan lanean.