Senatuak baimena eman du Generalitatea kargugabetzeko

Espainiako Senatuaren oniritzia behar zuen Espainiako Gobernuak Espainiako 155. artikulua aplikatzeko, eta badauka. Gaur egin du bilera senatuak, eta PPren gobernuaren eskaera onartu dute, 214 aldeko botorekin, kontrako 47rekin eta abstentzio batekin. PPk gehiengoa du senatuan, eta ez zuen beste inoren babesik behar. Hala ere, PSOEko, Ciudadanoseko eta CCko diputatuen babesa ere izan du.

Mariano Rajoy, gaur, senatuan. CHEMA MOYA, EFE
2017ko urriaren 27a
17:00
Entzun

PSOEren bi zuzenketa jaso ditu senatuko testuak, onartu aurretik. Batek aukera ematen du 155. aplikazioko neurriak "gradualki" ezartzeko. Bestean, berriz, uko egiten zaio komunikabide publikoen gaineko kontrolari, eta hark Kataluniako Parlamentuaren esku jarraituko luke.

Behin senatuak baimena emanda, Ministroen Kontseiluak elkartu behar du neurriak aplikatzeko. Arratsaldean elkartuko da Espainiako Ministroen Kontseilua. Nolanahi ere, hainbat iturriren arabera, Gobernua ez da bilera egiteko zain egongo aplikazioa indarrean jartzeko.

Carles Puigdemont eta bere gobernu osoa kargutik kentzeko baimena eskatu zion Rajoyren gobernuak senatuari, zehazki. Madrilen esku geldituko litzateke Generalitatea, eta sei hilabete baino lehen hauteskundeetara deituko luke.

Bestetik ,Espainiako Auzitegi Kontituzionalak dagoeneko jakinarazi du baliogabetu egingo duela independentzia deklarazioa. Espainiako Gobernuak jarriko du horretarako beharrezkoa den helegitea.

Rajoyk ziurtatu du 155a ezartzea dela aukera bakarra

Espainiako presidenteak  goizean ere hitz egin du Senatuan. Ohartarazi du legea urratzeak "ondorioak" dituela, eta Espainiako Estatuak duen hurrengo erronka dela independentisten "mehatxua" apaltzearren, herritar espainiarrak "mailakatzea" onartuko duen ala ez erabakitzea.

Rajoyk nabarmendu duenez, Madrilek ez bu beste aukerarik. "Legea urratzeak ondorioak ditu. Ezin da bestela izan", adierazi du. Argitu duenez, Senatuak baimena emanez gero, bozetara "ahalik eta lasterren" deitzea da bere asmoa.

Carles Puigdemont Kataluniako presidenteari egotzi dio. "Berak erabaki zuen 155a ezartzeko prozesuak aurrera jarraitzea. Berak eta soilik berak", nabarmendu du. Rajoyren esanetan, independentzia deklarazioari uko egin ez izanagatik dagokio Puigdemonti 155a ezartzearen ardura. Bide hori sahiesteko aukera ugari eskaini dizkiola adierazi du Rajoyk, eta azaldu du 155a lehenago aplikatzeko arrazoiak bazituen arren, egoera "baldintza normaletara itzultzeko" aukerak zeudela uste izan duela urratsa ematea erabaki aurretik.

Espainiako Gobernuak elkarrizketarako saiakerak egin ditu, Rajoyren arabera. Aldiz, berari eskaini zaion elkarrizketa bakarra "Kataluniaren independentziaren baldintza eta epeei buruzkoa" izan dela salatu du. Gaineratu duenez, berak ezin du gai horren inguruan hitz egin. Bestalde, Puigdemonti aurpegiratu dio gaur Senatura joan ez izana, Generalitatearen jarrera defendatzera.

Hitzadiaren amaieran, Rajoyk oharra bota die independentismoaren aldarrikapenei eskaintza politikoarekin erantzutea defendatzen dutenei. Espainiako presidentearen esanetan, Espainiako Estatuak erronka garrantzitsua du aurrez-aurre: independentisten "mehatxua" apaltzearen truke, herritar espainiarrak "mailakatzea" onartu nahi duen ala ez erabakitzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.