Radovan Karadzic Serbiako zerbitzu sekretuek babestu izan dute urteetan. Hala aitortu du gaur Ivica Dacic Serbiako Gobernuko Barne ministroak. "Zerbitzu sekretuek babestu izan dute eta zerbitzu sekretuek entregatu dute orain", esan du Dacicek.
Karadzic Bosniako serbiarren buruzagi politiko izandakoak hamabi urte pasatu ditu ihes eginda, eta orain atxilotu dute. Egunotan utziko dute Jugoslavia ohirako Nazioarteko Zigor Auzitegiaren esku, gaur Bruno Vekaric gerra krimenei buruzko Serbiako fiskalak esan duenez. Beranduenez, asteartea izango da horretarako eguna, Vekaricek dioenez.
Bertsio ofizialaren arabera, herenegun atxilotu zuten, Belgraden; haren abokatuak ziurtatu duenez, baina, joan den ostiralean atxilotu zuten, eta, beraz, bi egunean legez kanpo izan dute atxilo. Serbiako Fiskaltzak zabaldutako informazioen arabera, izen-deitura faltsuekin mediku lanetan ari zen Belgrado hiriburuan Karadzic, eta oso bestelako itxura zuen.
Karadzic atxilotuta, Ratko Mladic Serbiako jeneral ohia da Balkanetako gerran krimenak egiteagatik ihesean jarraitzen duen agintari bakarra.
Gerra kriminalak nazioarteko Justiziaren esku uzteko tramiteak luzatzea leporatu izan diote maiz Serbiari. Hala ere, Karadzicen kasuan ohiko prozesua azkartzeko prest dagoela dirudi. Hala, Milan Dilparic instrukzio epaileak lehen galdeketa egin dio dagoeneko. Hori da, hain zuzen, Karadzic Jusgoslavia ohirako Nazioarte Justizia Auzitegiaren esku uzteko lehenengo urratsa.
Bosnian, 1992. eta 1995. urteen artean genozidioa, eta gerra eta gizateriaren aurkako krimenak egitea leporatzen diote bosniar-serbiar buruzagi ohiari. Karadzicek eta Ratko Mladic jeneral serbiarrak zuzendu zituzten Sarajevoko setioa eta Srebrenicako sarraskia. Sarajevo hiriburuko setioak 43 hilabete iraun zuen; gutxienez 12.000 herritar inguru hil zituzten. Srebrenican, berriz, 9.000 musulman inguru hil zituzten indar armatu serbiarrek, denak gizonezkoak.
Nazioarteko auzitegiak Karadzicen aurkako lehen akusazioa argitaratu zuen 1995eko azaroan; 1996ko uztailean, berriz, Karadzic zein Mladic atxilotzeko nazioarteko agindua eman zuen.
Bere burua berak bakarrik defendatuko du
Karidzicen abokatu Svetozar Vujacicek jakitera eman duenez, hark bere burua "bakarrik" defendatuko du, aholkularien laguntza jasoko badu ere.
"Serbian aholkulari juridiko talde bat izango du Karadzicek, defentsan lagunduko duten adituak, baina Hagako auzitegiaren aurrean bere burua bakarrik defendatuko du berak", azaldu du abokatuak.
Mundua
Serbiak aitortu du berak babestu izan duela urteetan Karadzic
Bosniako serbiarren buruzagi politiko izandakoak hamabi urte egin ditu ihesean, eta egunotan utziko dute nazioarteko Justiziaren esku. Gerra krimenen erantzule izatea leporatzen diote. Berak bakarrik defendatuko du bere burua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu