Serbia

Serbiak alerta gorenean jarri ditu mugako militarrak

Pristinak Polizia bidali du serbiarrak gehiengoa diren Kosovoko mugako herrietara. Azken egunetan, serbiarrek errepideak trabatu dituzte, ibilgailuetan Kosovoko matrikula jartzera behartu dituztelako.

Kosovoko Polizia, Serbiarekiko muga zaintzen. VALDRIN XHEMAJ, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko irailaren 27a
12:16
Entzun

Astebete da Serbiaren eta Kosovoren arteko tentsioa lehertu dela. Azken aurrez aurrekoa eragin duen auzia ez da berria. Serbiak urteak daramatza Kosovon erregistratuta dauden eta herrialdean sartzen diren ibilgailuen matrikulak Serbiakoekin aldatzen. Izan ere, Belgradek ez du onartzen Kosovo estatu independente gisara, eta bien arteko muga «oztopo administratibo eta behin-behinekotzat» dauka. Joan den astean, ordea, urrats bera egin zuen Kosovok, eta agindua eman zuen herrialdean sartzen ziren eta Serbiako matrikula zuten ibilgailuei matrikulak aldatzeko. Urrats horrek, baina, mugan bizi eta Kosovon gutxiengoa diren serbiarren haserrea eragin zuen, eta, protesta modura, errepideak oztopatu zituzten. Manifestazioei erantzunez, Pristinak Polizia bidali zuen mugara.

Serbiako presidente Aleksandar Vucicen haserrea eragin du Pristinaren erabakiak, eta alerta gorenean jarri ditu mugako militarrak. Horrez gain, ohar egin dio NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeari, eta 24 ordu eman dizkio Kosovoren aurkako neurriak hartzeko: «NATOk ez badu ezer egiten, Serbiak egingo du».

EBko diplomaziaburu Josep Borrellek tentsioaren gorakadaz ohartarazi du, eta nabarmendu ez dutela onartuko «probokazio ekintzarik». Hain zuzen ere, Kosovo, Montenegro eta Serbiara joatekoa da bihar Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.