KRIMEA

Sergei Aksionov izendatu du Krimeako Parlamentuak errepublika buru

Aho batez aukeratu dute orain arte errepublikako jarduneko buruzagia zena.

Axionov, Moskun, Krimeak Errusiarekin bat egitearen alde bozkatu ostean. SERGEI ILNITSKY / EFE
2014ko urriaren 9a
11:19
Entzun

Krimeako Ministroen Kontseiluko buru izango da Sergei Aksionov, bertako parlamentuak aho batez erabaki duenez. Hala, karguan jarraituko du Aksionovek, zeregin horretan ari zelako apirilaren 15az geroztik. Egun horretan sinatu zuen Vladimir Putin Errusiako presidenteak hura jarduneko errepublika buru izendatzeko dekretua.

Militarra eta enpresaria da Aksionov, eta 41 urte ditu. 2010ean, Krimeako Parlamentu autonomoko diputatu izateko aukeratu zuten, hauteskundeetara Krimea Errusiara batzearen aldeko mugimendu batean aurkeztuta.

Aurtengo otsailean Viktor Janukovitx Ukrainako presidentetzatik kendu ostean, Krimeako Parlamentuak Aksionov izendatu zuen penintsulako gobernuko buru. Hark antolatu zuen Krimea Errusiara batzearen inguruko galdeketa, eta aukera horren alde bozkatu zuten %97 krimearrek martxoaren 16an.

Europako Batasunak, Ameriketako Estatu Batuek eta beste herrialde batzuek Krimea Errusiara batu izana kritikatu zuten, Ukrainaren lurralde osotasunaren kontrako erasotzat jota, eta zigorrak ezarri zizkioten Errusiari. Aksionov izan zen arrazoi horregatik zigortuetako bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.