Seulek funts bat sortu du Tokioren lan behartuak konpentsatzeko

Erabakiak protestak eragin ditu, Hego Koreako enpresak direlako funtsa finantzatzekoak, eta ez, ordea, auzian inplikatutako Japoniakoak

Hego Koreako Gobernuaren aurkako protesta bat, atzo, Seulen. EFE.
Igor Susaeta.
2023ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Hego Koreako Gobernuak konpentsazio plan bat iragarri du Japoniak Bigarren Mundu Gerraren garaian inposatu zituen lan behartuen biktimentzat. Bi herrialdeak ahaleginean ari dira elkarren arteko harremanak onbideratzeko, Ipar Koreak bere programa nuklearra garatzen jarraitzen duen honetan. AEBek, bestalde, egitasmoa txalotu dute, eta «historikoa» dela nabarmendu.

Park Jin Atzerri ministroak atzo aurkeztutako planak protestak eragin ditu herrialdean. Izan ere, Hego Koreako enpresa pribatuak dira finantzatzekoak biktimen—90 urte baino gehiago dituzte— kalte ordainen funtsa; ez, ordea, lan behartuak inposatu zituzten Japoniako enpresak. Hego Koreako Auzitegi Gorenak Nippon Steel eta Mitsubishi Heavy Industries enpresak zigortu zituen 2018an, eta agindu zien kalte ordainak emateko lan behartuen biktima izan ziren hamabost pertsonari. Japoniak Koreako penintsula okupatu zuen 1910etik 1945era, eta 780.000 bat korear errekrutatu zituen lan behartuetarako.

«Japoniaren erabateko garaipena da», idatzi zuen herenegun, Facebooken, biktimen abokatu Lim Jae-sungek, planaren nondik norakoak prentsan filtratzen hasi zirenean. Oposizioak ere kritikatu du gobernuak hartutako erabakia. «Egun lotsagarria da. Amore ere ez dute eman gerra krimenekin loturiko Japoniako enpresek, eta barkatu egin zaie», azpimarratu du, ohar batean, Alderdi Demokratikoko bozeramaile An Ho-youngek

Lan behartuen auziak eta Japoniako militarren burdeletan prostituitzera behartutako emakume korearrenak bi herrialdeen arteko erlazioak gaiztotu dituzte azkeneko hamarkadetan. Tokioren arabera, baina, 1965ean bi aldeek sinatutako hitzarmen batek balio izan zuen garai kolonialeko auziak konpontzeko. Laguntza ekonomiko gisa, Japoniak 282 milioi euro eman zizkion Hego Koreari, eta beste 480 milioi euro maileguetarako.

Ia sei hamarkada geroago, Hego Koreako Atzerri ministro Parkek hartutako erabakia defendatu du, eta nabarmendu bi herrialdeen arteko lankidetza oso inportantea dela «diplomaziaren arlo guztientzat», ekonomiarentzat eta «segurtasunarentzat», «nazioartearen egoera larria» aintzat hartuta. Iruditzen zaio, gainera, «gurpil zoroa» hautsi behar dela, herritarren hobe beharrez.

Fumio Kishida Japoniako lehen ministroak, bestalde, begi onez hartu du erabakia. Kyodo berri agentziak jaso duenez, Hego Korearen erantzuna «zintzoa» iruditu zaio, eta Tokiok aukera emango die Japoniako enpresei diru ekarpenak egiteko Hego Koreak martxan jarritako funtsean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.