Bangladeshko Krimenen Nazioarteko Auzitegiak heriotza zigorra ezarri dio herrialdeko lehen ministro ohi Sheikh Hasinari (2009-2024). 2024ko udan ikasleek manifestazio jendetsuak egin zituzten gobernuaren aurka, eta Hasinak kargua eta herrialdea utzi behar izan zituen. NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, Hasinaren gobernuak giza eskubideak urratu zituen, eta gaur arrazoia eman dio Bangladeshko Krimenen Nazioarteko Auzitegiak.
Sektore publikoko lanpostuen %30 1971ko Independentzia Gerran borrokatutakoen ondorengoentzat gordetzea erabaki zuen Hasinaren gobernuak, eta horren harira abiatu zituzten protestak ikasleek. Poliziarekin izandako liskarretan 1.500 lagun inguru hil ziren, Bangladeshko Fiskaltzaren arabera, eta 25.000 pertsona inguru zauritu zituzten. Horrez gain, hainbat pertsonak —ez dute datu zehatzik eman— «torturak eta irainak» jasan zituen Hasinaren gobernuaren eskutik, fiskaltzak ohar batean nabarmendu duenez.
Ikasleek abiatutako manifestazioak baketsuak izan ziren hasiera batean, baina Hasinaren gobernuak emandako erantzunaren harira okertu ziren gauzak. Bi hilabete iraun zuten liskarrek, eta Hasinak abuztuaren 5ean utzi zuen bere kargua. Indiara egin zuen ihes, eta bertan dago oraindik, erbesteraturik, nahiz eta ez dagoen haren bizitokiaren inguruko informazio zehatzik.
Zigorra eta erantzuna
Heriotza zigorra ezarri ez ezik, auzitegiak erabaki du, gainera, hildakoen familiei eta zaurituei kalte ordainak ordaindu beharko dizkiela Hasinak. «Gobernua behartuta dago 2024ko uztaileko mugimenduan hil ziren manifestarien senideei konpentsazio handi bat ordaintzera, baita zauritutakoei konpentsazio egoki bat ordaintzera ere, lesioen larritasunaren araberakoa», dio epaiak.
Era berean, Bangladeshko Atzerri Ministerioak Indiari eskatu dio Hasina «berehala» entregatu dezala, argudiatuta horretara behartzen duela bi herrialdeek sinatutako estradizio itunak. «Justiziari mespretxu egitea litzateke gizadiaren aurkako krimenak egiteagatik kondenatutako pertsona horiei babesa ematea», dio oharrak.
Errepresioaren erantzule nagusia izateagatik epaitu dute Hasina, baina 78 urteko politikaria ez da bertan egon. Hala ere, ohar batean esan duenez, zigortu duen auzitegiak «iruzur» egin du, eta «demokratikoki aukeratu gabeko» gobernu baten menpe dago. «Ez daukat beldurrik ni salatu nautenei auzitegi egoki batean aurre egiteko, benetan gertatutakoa modu justuan aztertzeko eta frogatzeko aukera izan dezadan». Era berean, Hasinaren alderdi Awami Liga fiskaltzaren aurka agertu da —alderdia ilegala da gaur egun—, eta haren aldeko herritarrei protesta egitera dei egin die. Bitarteko gobernuak, berriz, begi onez hartu du auzitegiaren erabakia, eta «historiarako sententzia» dela nabarmendu du.