Iran

Sinatu eta bost urtera, kolokan da Iran lotzeko itun nuklearra

Iranek eta munduko beste sei potentziak —AEBek, Errusiak, Txinak, Frantziak, Erresuma Batuak eta Alemaniak— izenpetu zuten akordioa, 2015eko apirilaren 14an. Hitzarmena kolokan dago, 2018an AEBak irten zirenetik.

Hassan Rohani Irango presidentea, artxiboko irudi batean. EFE
Jone Bastida Alzuru.
2020ko uztailaren 14a
17:32
Entzun

Iranek eta nazioarteko komunitateak itun garrantzitsua erdietsi zuten 2015. urtean: akordio nuklearra. Balentria diplomatiko gisa ospatu zen hitzarmena, baina ez du izan espero zen jarraipenik, eta, bost urteren ostean, gain behera eta kolokan dago. Munduko geoestrategia aldatu zezakeen aldeen arteko sinadura izan zen; ordea, gero eta zalantza gehiago eragiten ditu akordioaren etorkizunak eta hura egikaritzeak.

Nazioarteko bakarralditik irteteko balio izan zion itunak Irani, baina, bosturtekoa pasatu berritan –gaur bete da–, tentsioa areagotuz doa, eta kolapsotik gertu dago alde anitzeko ituna.

JCPOA Ekintza Bateraturako Plan Integralak amaiera eman zion hamarkada bat iraun zuen krisi nuklearrari. Bi urteko negoziazio korapilatsuen emaitza izan zen ituna. Barack Obama orduan AEBetako presidente zenak akordioaren garrantzia nabarmendu zuen. Haren esanetan, hitzarmenak lortuko zuen Iranek «arma nuklearrak izatea eragoztea». Itunak Iranen programa nuklearra mugatzen du, Teherani ezarritako nazioarteko isun ekonomikoak etetearen truke.

Dena katramilatu zen, ordea, Donald Trump AEBetako egungo presidentearen jokaldiarekin. Trumpen arabera, hitzarmena «inoiz erdietsitako akordiorik txarrena» izan zen. Hilabeteak pasatu zituen Iranek itunaren «izpiritua» betetzen ez zuela salatzen, eta, azkenean, 2016ko hauteskunde kanpainan, akordiotik irtetearekin egindako mehatxuak bete zituen: 2018ko maiatzaren 8an utzi zuen ituna Washingtonek, aldebakarrez, eta Irani zigor ekonomikoak ezarri zizkion berriz.

Erabaki horrek arriskuan jarri zuen ituna, eta ataka zailean utzi zuen Iran. Halere, Washington itunetik irten arren, Teheranek hitzarmenari eustea erabaki zuen. Izan ere, Hassan Rohani presidenteak azaldu zuenez, egiaztatu nahi zuten ea akordioaren parte ziren gainerako herrialdeak gai ziren Iranen interesak bermatzeko.

AEBek ezarritako zigorrei kontra egiteko neurriak ezarri zituen Europak. Horiek gainditzeko araudia sortu zuen, eta Instex sistema ere prestatu zuen, Iranekin negozioak egin nahi zituzten Europako enpresak AEBetako isunetatik salbuesteko. Indarge, baina. Ez zituen espero bezalako emaitzak lortu. Haren hutsunea Errusia eta Txina ari dira betetzen, baina harreman ekonomiko hori ez da nahikoa Iranen egonkortasuna bermatzeko.

AEBek ezarritako zigorrek gogor jo dute Teheran, eta kalte nabarmena egin diote hango ekonomiari eta gizarteko sektore zabalen bizi baldintzei. Krisi ekonomiko bortitz batean murgilduta zebilelarik, moneta nazional debaluatu batekin eta arrapaladako inflazioarekin, Iranek presio handiagoa egitea erabaki zuen 2019ko maiatzean, AEBak erretiratu eta urtebetera.

Pazientzia amaituta, Rohanik iragarri zuen utzi egingo ziola bere herrialdeak konpromisoetako batzuk betetzeari: uranio aberastuaren eta ur astunaren kopuru mugei lotutakoa izan zen lehen pausoa, eta beste aldeari 60 eguneko epea eman zion, Irango banku transakzioei eta petrolio salmentari jarritako murrizketak konpontzeko.

Alferrik. Bi hilabete horiek aldaketarik gabe igaro ondoren, Iranek itunetik urruntzeko urrats bat gehiago egin zuen, baimendutakoan baino maila handiagoan uranioa aberasten hasita. Eta horrela, progresiboki, muga teknikoak betetzeari utziz joan da.

Hala, Iranek «beste irtenbiderik» ez diela utzi argudiatuta, Alemaniak, Frantziak eta Erresuma Batuak abian jarri zuten akordio nuklearreko kideen artean sortutako eztabaidak bideratzeko mekanismoa.

Mohamad Javad Zarif Irango Atzerri ministroak adierazi zuen «modu serioan eta egokian» erantzungo ziotela Europako hiru herrialdeek «asmo txarrez» hartu zezaketen edozein neurriri. Halere, gaineratu zuen prest daudela «saiakera eraikitzaileak» egiteko, «akordio garrantzitsu hori» manten dadin.

Ordutik, izan dira eztabaida gehiago ere. Joan den hilean, Rafael Grossi IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziako zuzendariak jakinarazi zuen «kezkatuta» zegoela Teheranek bi instalazio susmagarrietarako sarbidea ukatu zielako. Hortik gutxira, 2015etik Iranen aurka jarritako lehen ebazpena onartu zuten Berlinek, Parisek eta Londresek. Ikuskapenetan kolaboratzeko eskatzen zieten. Zarifek, berriz, salatu zuen herrialde horiek «erabateko ezintasuna» zutela AEBak haien kontra egiten ari ziren jazarpenari aurre egiteko.

Egun, NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseilua da tirabira horien azken agertokia. Izan ere, AEBak kanpaina egiten ari dira Irani ezarritako arma blokeoa luzatzearen alde; urrira arte dago indarrean neurri hori. AEBekin bat egin dute akordioaren parte diren Europako potentziak ere.

Testuinguru horretan, gaiztotuta daude aldeen arteko harremanak, eta kolokan, beraz, ituna. Ikusi beharko da akordioak zer-nolako bidea hartzen duen datozen hilabeteotan. Oraingoz, JCPOAk helburu zehatz bat du oraindik ere: Iranek bonba atomikoa egitea eragoztea.

Josep Borrell Europako Batasuneko Atzerri Politikarako Goi Ordezkariak gaur adierazi duenez, akordioa «babesten» jarraituko du. Haren arabera, Iranen programa nuklearraren inguruko bermeak izateko «erreminta bakarra» da.

Txina eta Iran

Txinaren eta Iranen arteko harreman diplomatikoa sendotuz joan da azken urteetan. Eta, orain, akordio bat erdiesteko bidean daudela adierazi du The New York Times egunkariak. Aurreratu duenez, bi aldeek itun komertzial eta militar bat adostu dute. Txinak presentzia areagotuko luke Asia erdialdean, hainbat proiekturen bidez, eta, trukean, espero da Iranek datozen 25 urteetarako petrolio hornidura bermatzea. Horrez gain, kooperazio militarrean sakontzea ere erabaki dute.

Itun horrek, hain zuzen, Trump Iran bakartzeko egiten ari den saiakera ahulduko luke, eta Txinaren eta AEBen arteko harremanak are gehiago okertzea eragin lezake.

Bestalde, Pekinek gaur adierazi du babes osoa ematen diola 2015ean izenpetutako itun nuklearrari. Era berean, Hua Chunying Kanpo Ministerioko bozeramaileak AEBen jarrera salatu du: «Zoritxarrez, azken urteotan Estatu Batuek aldebakartasunari eutsi diote, nazioarteko betebeharrei uko eginez eta itun eta erakundeetatik ateraz».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.