«Hauteskunde hauek aldaketarenak izan dira». Hala adierazi du Sinn Fein alderdiko lider Mary Lou McDonaldek. Haren alderdiak emaitza historikoak lortu ditu asteburuan, Irlandako Errepublikan eginiko hauteskundeetan, Fine Gael eta Fianna Fail alderdien ehun urteko duopolioarekin amaituta. Hauteskunde sistema korapilatsuaren ondorioz, zain egon beharko da parlamentuko eserlekuen banaketaren berri izateko, baina Sinn Feinek bozen laurdenak inguru lortu ditu. Lehentasunezko boto guztiak kontatuta, botoen %23,9 lortu dute; Fianna Failek, %21,3; eta Fiana Gaelek, %21. Urrun geratu dira Alderdi Berdea (%7,7), laboristak (%5,1), alderdi sozialdemokrata (%3,1) eta Jendea Irabazien Aurretik alderdia (%2,3). Halere, Sinn Feinek zail izango du gobernuan sartzea.
Sinn Feinek bikoiztu egin ditu azken hauteskundeetako emaitzak. Gazteen eta garapen ekonomikoaren ondorioetatik at geratu direnen botoak izan dira Sinn Feinen emaitza historikoaren oinarria. 18 eta 24 urte arteko gazteen artean, botoen %31,8 lortu du alderdiak. Orain, gobernua osatzeko negoziazioetan hitza hartzea dute helburu. «Herriarentzako gobernu bat eduki nahi dut. Fine Gael eta Fianna Fail ez dauden gobernu bat litzateke ideala. Gainontzeko alderdiekin hitz egiten hasi naiz gure aukerak aztertzeko», adierazi du McDonaldek. Izan ere, bi alderdi horiek McDonaldekin hitz egitea baztertu dute hauteskunde kanpainan zehar. «Ezkontza behartu bat ez litzateke gobernu on bat izango». Leo Varadkar lehen ministro eta Fine Gael alderdiko buruaren hitzak dira horiek.
Emaitzak publiko egin ahala, ordea, Fianna Fail alderdiko buru Michael Martinek Sinn Feinekin hitz egiteko aukera ireki du. «Jendea entzuteko» prest dagoela azaldu du, eta adierazi aldaketa politiko bat datorrela herrialdera: «Egoera desberdina eta zatikatua da. Oso zaila izango da gobernua osatzea, eta espero dut ez sartzea ezegonkortasun aldi batean».
Parlamentuko 160 eserlekuetatik 31 banatuta, horietako 23 Sinn Feinentzat dira. Beste bi alderdi berdearentzat dira, eta bana Fianna Failentzat eta Fine Gaelentzat. Hautagai independenteek beste lau eraman dituzte. Lehen proiekzioen arabera, ordea, Sinn Feinek 36 eserleku lortuko lituzke, bi alderdi nagusiek baino gutxiago. Fianna Failek 41 izango lituzke, eta Fianna Gaelek, 39. Sinn Feinek 42 hautagai bakarrik aurkeztu ditu, eta horren damu agertu da McDonald.