Siria berriko alauien amesgaiztoa

Baxar al-Assad presidente ohia alauia zen, eta erlijio sinesmen horretakoak gehiengoa dira herrialde horretako kostaldean. Jopuntuan dituztela salatu dute.

Auto bat martxoko istiluen ondorioz kiskalita Jablehn, Latakia hegoaldean. RICARD GONZALEZ
Auto bat martxoko istiluen ondorioz kiskalita Jablehn, Latakia hegoaldean. RICARD GONZALEZ
Ricard Gonzalez.
Latakia
2025eko irailaren 3a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Siriako kostaldean, Sahelgo hiri nagusi Latakian, tentsioa nabarmena da giroan. Inguru horretan, gehienak alauiak dira: xiismoaren adar bat da alauismoa, Baxar al-Assad presidente ohiaren erlijio sinesmena. Eskualdeko egoeraz hitz egiten denean, jendeak apaldu egiten du ahotsa, begi bazterrez begira hasi, eta inork ez du bere izena eman nahi. «Izuturik bizi gara, denbora guztian. Eta hemen, hirian, hobeto gaude herrietan baino. Hilabeteak dira ez naizela herrira joan. Txikitako lagun baten hiletan ere ez nintzen izan», aitortu du Latakiako gizarte aktibista batek, F.Q.-k.

Martxoaren 6an guztia aldatu zen Sahelen. «Lehen, izanak ziren abusu batzuk, baina bazegoen bakean bizitzeko modua», zehaztu du F.Q.-k. Egun hartan, ordea, aurreko erregimenaren aldeko gizon armatu batzuek erasoaldi koordinatu bat egin zuten kostaldeko zenbait herri eta hiritan, polizia etxeen eta kontrolguneen kontra: segurtasun indarretako 300 bat kide hil ziren. Hurrengo hiru egunetan, ehunka miliziano islamistak, odol eta mendeku gosez, oldarka jo zuten erasoaldia izandako tokietan. Haietako askok ez zuten kontuan hartu jendea zibilak ziren edo milizianoak ziren. Hori bai: ankerkeriarik handienak alauiei egin zizkieten, eta eskualdean badira kristauak eta musulman suniak ere.

Giza Eskubideen Aldeko Siriako Behatokiaren txosten baten arabera, 1.700 lagun erail zituzten hiru egun nahasi haietan, gehienak zibil alauiak: sekten arteko sarraskirik okerrena izan da abenduaz geroztik, hau da, Baxar al-Assad erori zenez geroztik. «Qablun, 85 urteko emakume bat eta haren seme ezindua akabatu zituzten», gogoratu du, saminez, Latakian bizi den idazle batek, M.K-k. Haren jaioterrian, Qablu Jableh-n, 70 lagun erail zituzten; haietatik bederatzi, M.K.-ren familiakoak. Sahel guztian izan ziren exekuzioak, dendetan eta apartamentuetan harrapaka egindako lapurretak, autoen eta saltokien erreketak, jipoiak eta odol hotzean egindako hilketak.

Sahelgo Ezkutu Brigadak bere gain hartu zituen erasoak; Al-Assaden Guardia Errepublikanoko ofizial batek sortu zuen talde hori, Miqdad Fatihak. «Egun batzuk lehenago, Miqdad Fatiharen taldekoak hona etorri ziren gazteak errekrutatzera. Ehuna dolar eta pistola bana eskaini zizkieten. Gehienek ezetz erantzun zieten, baina hamar bat haiekin joan ziren», azaldu du M.K.-k. Siriarrak 25 milioi dira ia, eta, kalkuluen arabera, haietatik %10-%15 dira alauiak.

Siriako presidente Ahmed Xaraak gogor gaitzetsi zituen erasoak —baina ez gertatu eta segituan—, eta, kanpoko eta barneko presioaren ondorioz, batzorde bat sortu zuen zer gertatu zen ikertzeko. Dena dela, alauien artean gutxik espero du sarraskien egileek kontu eman behar izatea. «Dagoeneko ez dago batere konfiantzarik gobernuaren eta alauien artean», segurtatu du alderdi politiko historiko bateko Sahelgo arduradun nagusiak, G.H.-k.

Egia da Xaraa moderatu egin dela boterera iritsi denetik, baina Siriako gutxiengoek gogoan dute HTSko buruzagia izan zela: HTS milizia bat da, Al-Qaedaren barruan egondakoa 2017ra arte. Nolanahi ere, lekuko askoren arabera, beste milizia batzuek egin dituzte gehiegikeriarik handienak: Turkiaren aldekoek. Sekten arteko tentsioa baretzea da Siriako trantsizioaren eginkizun printzipaletako bat. Eta tentsio horrek ez ditu alauiak bakarrik atsekabetzen.

«Errepideetako kontrolguneetan edozer gauza gertatuko zaizu alauia bazara. Bahiketak daude, lapurretak, abusuak… »

F. Q. Latakiako gizarte aktibista

«Errepideetako kontrolguneetan edozer gauza gertatuko zaizu alauia bazara. Bahiketak daude, lapurretak, abusuak… Interneteko bideo askotan, ikusten da nola behartzen dituzten alauiak zaunka aritzera, txakurrak balira bezala, umiliatu nahian», kontatu du F.Q.-k. Sarritan, ez dago garbi nork egiten dituen gehiegikeriak: Barne Ministerioarekin batera ari diren milizianoak diren, edo beren kabuz ari diren; guztiak beltzez jantzita ibiltzen baitira, eta, batzuetan, aurpegia estalita baitaramate. Edozein moduz, alaui gehienek pentsatzen dute oso gogor zapaltzen dituztela. Iritzi horrekin bat ez datozen gutxietako bat Selim da, kafetegi txiki baten jabe horzgabea: «Aurreko erregimenean bidegabekeriak egin zituztenak, duten sinesmena dutela: horiek izan behar dute beldurra, beste inork ez».     

Ikuspegi baten hedapena

Gerra zibilean garrantzi handia izan zuen sekten arteko gatazkak, eta, iraun zuen hamalau urteetan, ikuspegi jakin bat zabaldu zen oposizioaren parte batzuetan: kontsideratzen dute alaui guztiak aurreko erregimenaren aldekoak zirela, segurtasun indarretako kide asko alauiak zirelako batez ere, proportzioan. «Ez da egia alaui gehienak Al-Assaden aldekoak zirela. Alaui askok, besterik gabe, sinetsi egin zuten erregimenaren propaganda, eta, beraz, uste zuten sekten arteko sarraskiak izango zirela erregimena erortzen bazen. Baina beste gutxiengo batzuek ere babes pasibo berbera eman zioten erregimenari», segurtatu du M.K.-k. Gehitu du alauiak Siriako komunitaterik pobreena direla, eta horregatik zeudela hainbeste armadan sartuta, hori zutelako bizimodua ateratzeko bide bakarra. «Ze pribilegio izan genuen, ba, A-Assadekin? Zatoz eta ikusi nola dauden gure herriak eta hiriak», bota du M.K.-k, eta ez zaio arrazoirik falta. Jablan, Siriako gainerako lekuetan bezala, zuloak daude kalean, hainbat txoko zaborrez beteak daude, eta parkeak, berriz, belar gaiztoak janda.     

«Ez da egia alaui gehienak Al-Assaden aldekoak zirela. Alaui askok, besterik gabe, sinetsi egin zuten erregimenaren propaganda»

M. K.Latakian bizi den idazlea

Asko kexatzen dira, era berean, gobernuak kalera bota dituelako funtzionario alaui asko, eta ez armadakoak bakarrik —armada desegin egin zuten abenduan—. «250.000 familiak baino gehiagok ez dute nondik mantendu. Gainera, pentsioa kendu diete armadako funtzionario zibilei. Jendea gorriak ikusten ari da», azaldu du F.Q.-k, atsekabeturik. Sumina gero eta handiagoa da, eta baliteke liskarrak piztea berriz. «Martxoko erasoen ondoren, ez dute begi onez ikusten Maqdad Fatiharen milizia. Jendeak lasai eta bakean bizi nahi du, besterik ez. Baina Sahelen arazoak sortzen badira berriz, baliteke indarkeria zabaltzea ostera», iragarri du eskualdeko buruzagi politikoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.