Siriako oposizioak bidea ireki dio batasun nazionaleko gobernuari

Al-Assadek alde eginez gero, haren gobernuko kideekin agintzeko prest leudeke Kairon bildutako taldeak

Erredakzioa
2012ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Siriako oposizioko taldeak atzo amaitzekoak ziren Kairon Arabiar Ligak sustatuta egindako bilkura. Berri hau idazterakoan ez zuten akordiorik itxita, baina bi plataforma nagusietako agintariek batasun nazionaleko gobernu bat eratzeari bidea ireki zioten, beti ere Baxar al-Assad presidenteak alde egitea baldintzatzat paratuz. Akordioa zailtzen zuten puntuak bi ziren nagusiki: gobernuaren aurkako borroka armatua, eta kurduen izaeraren onarpena.

Abdelbasset Sayda SNC Siriako Kontseilu Nazionaleko buruaren iritziz, Al-Assadek boterean jarraitu bitartean «zentzugabea» da batasun nazionaleko gobernu bati buruz mintzatzea, baina hark alde eginez gero Baath alderdiarekin agindu dutenak onartzeko prest agertu da. NCC Koordinaziorako Batzorde Nazionaleko bozeramaile Jalaf Dahud ere ados agertu da, baina «eskuak odolez zikinduta» dituztenak kanpoan utzita. NCCk, SNCk ez bezala, Sirian bertan jarduten du nagusiki, eta ezkerreko alderdiek eta militanteek osatzen dute. Eztabaida puntu nagusiak, berriz, bi dira. Alde batetik, Siriako Armada Askeari idatziz sostengua agertzea nahi du SNCk —NCC indarkeria erabiltzearen aurka agertu izan da beti—. Bertzalde, SNCko alderdi nagusiak, Anaia Musulmanek, ez dute kurduen inolako onarpenik egitea nahi, eta, hori, nekez onartu dezakete Kurdistango alderdiek.

Barkamen eskea Turkiari

Turkiatik, berriz, The Cumhuriyet egunkariak Al-Assadi egindako elkarrizketaren zati bat argitaratu du. Bertan, presidenteak barkamena eskatu dio Turkiari Siriako armadak hegazkin militar bat bota ziolako. Genevako Siriarako Ekintza Taldearen bilkuraren inguruan, berriz, Al-Assadek erran du ez dela mintzatu ez Kofi Annan mandatari bereziarekin, ezta Errusiarekin ere, baina haien ikuspuntuekin bat datorrela adierazi du. «Siriako herriak erabaki behar duela, Indarkeriak gelditu behar duela, eta talde armatuek armak utzi behar dituztela erran zutelako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.