Protestak herrialde arabiarretan

Siriako segurtasun indarrek kontrolpean hartu dute Jisr al Shagur

SANA albiste agentziaren arabera, hiru pertsona hil dira: soldadu bat eta bi manifestari.

2011ko ekainaren 13a
17:33
Entzun 00:00:0000:00:00

Siriako segurtasun indarrek Jisr al Shagur hiria kontrolpean hartu dute bart. SANA albiste agentziak jakinarazi duenez, erasoan hiru pertsona hil dira, soldadu bat eta bi manifestari, eta lau zauritu. Jisr al Shagurren orain dela astebete pasa istilu larriak piztu ziren. Siriako Gobernuak dio Al Assad presidentearen aurkakoek Polizia eta armada erasotu zituztela. Beste bertsio baten arabera, ordea, presidentearen aldekoek burutu zuten erasoa, hiri horretan armadako zenbait agintarik herriaren aurkako erasoak direla-eta oposizioarekin bat egin ostean.

"Armadak gaur astelehenea segurtasuna eta lasaitasuna ezarri ditu Jisr al Shagurren, herritarrak ikaratu eta hiria jo duten talde armadun terroristez garbitu ondoren", dio SANAren albisteak. Trenbidean eta zubietan zeuden lehergaiak indargabetu ondoren sartu da hirian armada bart. Ipar-mendebaldean dago Jisr al Shagur, eta oposizioko kideek Turkiara ihes egin dute. Hiri horretan borrokak hasi zirenetik, milaka pertsonak egin dute ihes. Horietatik 4.000k muga zeharkatu dute, eta beste 10.000 inguruko mendietan babestu dira.

Hobi komun bat aurkitu dute

Gainera, SANAk dio hobi komun bat aurkitu dutela, eta hamabi gorpu daudela lurperatuta. Segurtasun indarreko kideak omen ziren, "talde terroristek hilak". Atxilotu batek hilketa aitortu duela dio albiste agentziak, eta horrekin batera hainbat emakume bortxatu eta hil dituztela ere aitortu duela dio, eta Orontes ibaira bota zituztela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.