NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluko kideak berriro bilduko dira gaur, Sirian dauden behatzaileen etorkizuna erabakitzeko. Izan ere, NBEren Siriako misioa (UNSMIS) gaur bukatzen da.
Atzo Errusiak eta Txinak betoa jarri zioten Siriarako ebazpen proposamenari eta gibelera bota dute Mendebaldeko herrialdeek aurkeztutako proposamena. Erresuma Batuak eta Frantziak gogor kritikatu dituzte Errusia eta Txina; Moskuk erantzun die, baina, Mendebaldeak soilik bere "interes geopolitikoetan" pentsatzen duela. Akordiorik lortu ez dutenez, Robert Mood misioko buruak jada atzo utzi zuen Siria.
Erresuma Batuak, AEBek, Frantziak, Alemaniak eta Portugalek aurkeztutako ebazpenak aldeko 11 boto jaso ditu, bi abstentzio, eta Errusiaren eta Txinaren betoa —eskubide hori dute AEBekin, Erresuma Batuarekin eta Frantziarekin batera—. Gerard Anaud Frantziako ordezkariaren iritziz, Errusiaren eta Txinaren helburua da "Al-Assaden erregimenari denbora ematea oposizioa zanpatzeko".
Mendebaldeko herrialdeek aurkeztutako testuak aukera militarra ahalbidetzen duela uste du, ordea, Errusiak. Izan ere, ebazpenaren helburua Siriako Gobernuaren aurkako zigorrak areagotzea dela adierazi dute sustatzaileek, Baxar al-Assad presidenteak amore eman dezan. Ebazpena, ordea, NBEren Gutunaren VII. Atalean oinarritu dute, eta horrek baimena ematen dio nazioarteari herrialde baten gatazkan esku hartzeko.
280 hildako egun bakarrean
Siriako Giza Eskubideen behatokiak salatu du gutxienez 280 lagun hil direla bart herrialdeko eremu ezberdinetan gertatutako borroketan. 119 zibil, oposizioko 60 kide eta Al-Assaden aldeko 98 militar hil zirela azaldu du.
Al Jazeeraren arabera, 2011ko martxoan oposizioaren eta erregimenaren arteko liskarrak hasi zirenetik egun odoltsuena izan zen atzokoa.
Bestalde, Hisham Ijtiar Siriako Segurtasun Nazionaleko burua hil da gaur, asteazkenean atentatuan larri zauritua izan ostean. Herenegun, Al-Assaden kupula militarreko goi kargudunak hil zituzten Damaskon. Herrialdeko Defentsa ministroa, haren ondokoa eta armadako jeneral bat hil zituzten erasoan; Barne ministroa ere larri zauritu zuten.