Segurtasun Kontseiluak larunbat iluntzean adosten bukatu, bozkatu eta onartu du testua, azkenean, New Yorken eguerdia zela. "Atzerapenik gabe", su-etena lehenbailehen indarrean sartzeko eskatu du, eta gutxienez hilabeteko iraupena emateko.
Meniaren helburua "humanitarioa" dela eta alde guztiei eragin behar diela adostu du Segurtasun Kontseiluak. Laguntza humanitarioa iristeko, zerbitzuak sartzeko, eta zauritu eta eri larriak ateratzeko baliatu beharko litzateke su-etena, NBEren eskarien arabera.
Egunak iraun du eztabaidak, Errusiak jarritako zenbait baldintzaren inguruan adostasunik lortu ezinik eta akordioaren terminologian bat etorri ezinik. Baxar Al-Assaden gobernuaren aliatua da eskualdean Errusia, eta, Segurtasun Kontseiluko kide gisa, su-etenerako testu bat negoziatzearen aurkako agertu zen hasieran. Azkenean aho batez hartu du erabakia Segurtasun Kontseiluak, bozketa hainbat alditan atzeratzen ibili eta gero.
Suediak eta Kuwaitek bultzatu dute onartutako akordioaren testua. Sirian gerraren parte diren alde guztiei egin die su-etenerako deia. NBEk terroristatzat jotzen dituen taldeen aurkako operazio militarrak ez ditu debekatzen akordioak, hala ere; Estatu Islamikoa eta Al Nusra Frontea daude horien artean.
Ghoutan borrokak jarraitzen du, bitartean. Astebetean 500 pertsona hil direla zabaldu du Giza Eskubideen Siriako Behatokiak —Londresen du egoitza—.