AEBak eta Errusia bat datoz Sirian indarkeria geratu beharra dagoela, baina hori nola egin behar den zehazterakoan, ez. Bi ordu baino gehiagoko bilera egin zuten atzo Barack Obama AEBetako presidenteak eta Vladimir Putin Errusiakoak, G8koen goi bileran, Ipar Irlandan, baina Siriari dagokionez akordio bat adostetik urrun direla utzi zuten agerian.
David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak irtenbide bat bilatzeko beharra nabarmendu zuen. "Siriako tragediaz mintzatu naiz Putinekin. Gai horretan kooperazioa indartu behar dugula ados gaude", esan zuen Obamak bileraren amaieran. Putinek, berriz, azpimarratu zuen Sirian bi aldeak negoziatzen hastea nahi dutela. Hala ere, biek onartu zuten ikuspegi desberdinak dituztela.
Oreka zaila
AEBek oposizioari armak ematea nahi du, Al-Assadek arma kimikoak erabili dituelakoan, baina Errusiak aukera hori baztertu du. Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidenteak, berriz, esan zuen aukera "onena eta bakarra" bi aldeak negoziatzen hastea dela, eta bide militarra baztertu zuen. Al-Assadek, berriz, atzo adierazi zuen Europak matxinoei armak ematea garesti ordainduko duela.
Hala ere, AEBak eta Europako Batasuna Al-Assad agintetik kentzearen aldekoak dira, baina ez dute inguru hori desorekatu nahi, eta aintzat hartu beharko dituzte sunien eta xiiten arteko borroka edo Iran eta Saudi Arabiaren artekoa, AEBek eta Errusiak Ekialde Hurbilean dituzten interesak ahaztu gabe.