Barack Obamaren gobernuak nahikoa froga aurkitu ditu Sirian esku hartze militarra aktibatzeko. Baxar al-Assaden gobernuaren arma kimikoen balizko erabilera argudiatu du errebeldeak armatzeko, eta hurrengo urratsa hari aire eremua debekatzeko nazioarteko onespena lortzea izango da. Zaila du, ordea, aho batez onartutako erabakirik ateratzea G8koen goi bileratik. AEBek Japonia, Frantzia, Italia, Kanada, Alemania, Errusia eta Erresuma Batuko buruzagiak izango dituzte mintzakideak Enniskilleneko bileran, eta gutxienez Moskuren ezezkoa jasoa dute aurretik.
Nazioarteko zuzenbidea urratzen du aire eremua ezartzeak, eta, gainera, "sinesgaitzak" dira AEBek eta mendebaldeko beste potentzia batzuek horretarako erabili dituzten argudioak. Errebeldeei armak emateak, berriz, "tentsioa areagotuko besterik ez du egingo". Alexandr Lukaxevitx Errusiako Atzerri Ministerioko bozeramaileak aurreratu du Vladimir Putin presidenteak emango duen mezua.
Obamak Putin konbentzitzen ez badu, Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluan erabakiari betoa ezartzeko eskubidea erabiliko du Moskuk, eta Segurtasun Kontseiluaren onespenik gabe herri gehiagok egingo dute Obamaren nahiaren kontra, besteak beste, Frantziak.
Europako Batasunak ere nahiago ditu bide politikoak, Herman van Rompuy Europako Kontseiluko presidenteak aurreratu duenez: "Modu bakarra eta onena" negoziatzea da harentzat, eta bide militarrarekin ez dago ados. Europako Batasuneko herrialdeek ere ez dute iritzi bateraturik gaiaren inguruan.
Hogeita lau orduz
Zortzi herrialdeetako presidente eta lehen ministroek 17:45ean hasi dituzte bilera sortak. Binaka dituzte lehenik bilerak, horien artean, Putinek eta Obamak. 22:00etan, berriz, denak mahai baten inguruan eseriko dira Siriaz hitz egitera, afaltzen duten bitartean.
Bilerek bihar arratsaldera arte iraungo dute. Nazioarteko politikaz gainera, AEBen eta Europaren arteko merkataritza hitzarmena eta ekonomiaren egoera globalaz ariko dira. Segurtasun neurri izugarriek inguratuta egongo dira. 8.000 poliziak baino gehiagok, drone gidaririk gabeko hegazkinek eta itsasoko segurtasun guardiek hartu dute ingurua.